Noiz utzi zenuen Zaldibar?
Gazte nintzela, Zaldibar eta Durango artean bizi izan nintzen. Hamabost urtegaz kanpora joan nintzen ikastera. Liejara (Belgika) joan nintzen unibertsitate ikasketak egitera, bost urterako. Handik Ingalaterrara abiatu nintzen, eta bederatzi urte eman nituen han. Gero, Alemaniara beste urte birako joan nintzen. Handik Ipar Amerikara bidaiatu nuen. Azkenik, Chicagon 35 urte eman nituen.
Zergatik erabaki zenuen Chicagon gelditzea?
Europan eta Euskal Herrian burdina erosten zuen enpresa batentzat egiten nuen lan Chicagon. Han familia sortu nuen, eta nire hiru semeak han bizi dira. Emaztea hil egin zen, eta Euskal Herrira erretiratu naiz. Orain Gasteizen bizi naiz.
Zelakoa da Chicago? Gustura bizi izan zara bertan?
Ipar Amerikako hiririk ederrena da. Munduko bost arkitektorik onenak han bizi dira, herriak arkitektura ederra baitu.
Zelan bultzatu zenituen euskara eta euskal kultura diasporatik? Zein ekitaldi antolatzen zenituzten?
25 urtez, Amerikan Euskal Herriko pertsonaiak omendu genituen. Jose Antonio Agirre New Yorken bizi zela omendu genuen. Aita Madina ere bai. Txutxo Larrañaga eta Piston pilotari ezagunak Miamin saritu genituen.
Ipar Amerikatik kanpo, Mexikon eta Argentinan ere omenaldiak egin zenituzten.
Mexikon Colegio de las Vizcaínas omendu genuen. Hauxe da munduan sortu dugun euskal instituziorik garrantzitsuena. Eskolaren sorrera 1703koa da. Anbrosio Meabe durangarrak eta Oiartzungo bi gizonek sortutako proiektua izan zen. Zortzi futbol-zelairen besteko eremua hartu zuen eskola bat zen, Mexiko hiriaren erdigunean. Umezurtzak jasotzen zituzten, eta irakasleek ama eta irakasle papera betetzen zuten. Mexikoko hezkuntzarik onena eskaintzen zieten. Irakasle horiek Mexikoko pertsonarik garrantzitsuenekin ezkontzen ziren. Queretaroko korrejidorea bizkaitar horietako bat zen. Eraikina bera barrokoa da, zoragarria. Era berean, Argentinan Enekoetxean egin genuen omenaldia.
Argizaiola sariagaz euskararen alde lanean jardun duten hainbat ‘inurri’ ordezkatuko dituzue. Zelan hartu duzue saria?
Oso pozik nago. Ipar Amerikan euskaldunon artean denok elkar ezagutzen dugulako. Han euskara gehiago egiten da Euskal Herrian baino. Urtean egiten diren jaialdietan, batzuek kilometro asko zeharkatzen dituzte, elkarrekin egoteko. Horregatik, sari hau jasotzeak poz handia ematen didala aitortu behar dut.
Zenbat jaialdi antolatzen dituzue urtean zehar?
Urtean 30 bat jaialdi prestatzen dira, eta leku denetatik joaten gara. Eta euskaraz egiten da beti. Urrun egon arren, euskal nortasunari eutsi diogu.
Ahalegin berezia egin duzue euskararen erabilerari eusteko eta euskara transmititzeko?
Hasieran joan zirenak artzainak ziren, eta denek zekiten euskaraz. Argentinara edo Mexikora joan zirenak, berriz, denak ez ziren euskal hiztunak. Horregatik, Ipar Amerikako komunitatean eutsi egin diogu euskarari.
Bizkaitarrak nora joan ziren?
Bizkaitarrak Aulestia, Markina, Arbaiztegi ingurukoak ziren asko. Gehienak Boisera joan ziren. Besteak Nafarroa Beherakoak ziren. Euskaldun gehiago daude Ipar Euskal Herrikoak, bizkaitarrak baino. Hauek Frantziako iraultzaren ostean joan ziren San Frantziskora.