Udal gobernua mozio hori udalbatzan eztabaidatzea ekiditen ibili dela kritikatu zuen EH Bilduk, eta Mikel Urrutia bozeramaileak esan zuen, mozioa beraiek aurkeztea izan dela modu bakarra "plataformaren eskariak udaletxean eztabaidatuko zirela bermatzeko". EH Bilduko bozeroaleak azpimarratu zuen, azken urteetan ez dela herrian hau bezalako eztabaida sortu duen gairik izan, eta udal gobernuak "benetan parte hartzea bultzatzea" eta herritarren iritzia aintzat hartzea gura balu, horretarako aukerak badaudela.
Eneko Etxebarria EAJko zinegotziak esan zuen, parte hartzeari buruzko araudi berria dagoela EAEn, eta "legeak markatutako tramiteak bete beharko" liratekeela galdeketa antolatzeko. Etxebarriaren berbetan, araudi horren arabera, besteak beste, udalbatzak aho batez onartu beharko luke galdeketaren antolakuntza bere gain hartzea.
Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak ez zuen adierazpenik egin atzoko ez ohiko bilkuran: "Orain arte esan dugunetik aparte ez goaz ezer gehiago esatera".
Plataformako kide batek hartu zuen hitza, atzoko udalbatzaren amaieran: Aste Santuan alkateak "dena lotuta zegoela adieraziz" bere egitasmoaren berri eman zuenetik, udal gobernua "gezur batetik hasi eta horri tiraka" ibili dela kritikatu zuen, eta "gura dugun herri ereduari buruzko eztabaida sakona egitea saihesten ibili" dela. Udal gobernuaren jarrera islatzen duen adibidetzat ipini du, esaterako, Plataformaren eskariak udalbatzan aurkezteko izan dituzten zailtasunak.