Kaleartean plataformaren mozioa gai zerrendatik kanpo utzi zuten

Anboto 2016ko eka. 1a, 10:29

Merkatari eta sindikatuen plataformako kideek espero zutenaren kontra, Abadiñoko Udalaren atzoko osoko bilkuraren gai zerrendan ez zegoen joan zen astean ia mila herritarren sinaduraren babesagaz aurkeztu zuen mozioa. Murueta auzoko lursail batean supermerkatu bi zabaltzeko lur horien birkalifikazio prozesuagaz jarraitu aurretik, herri kontsulta bat egiteko eskatzen du Kaleartean plataformaren mozio horrek. Galdera eta eskarien aurretik, gaia eztabaidatu ahal izateko osoko bilkurako zerrendan urgentziaz sartzea eskatu zuen EH Bilduk. Baina Abadiñoko Independienteek eta EAJk gaia osoko bilkuran eztabaidatzearen kontrako bozka eman zuten.

Kaleartean plataformakoek "sinadurak eta mozioa aurkeztu zituztenetik gaia lantzen" ibili direla esan zuen Jose Luis Navarro alkateak, eta asmoa agertu zuen merkatarien ordezkariak batzar batera deitzeko. Gaia urgentziaz osoko bilkurako zerrendan sartzearen kontrako bere taldearen erabakia defendatzeko, "ez goaz presiopean jardutera", adierazi zuen alkateak. Eneko Etxebarria jeltzaleak ere, "mozioa horrelako urgentziaz aurkeztuta, gure artean berba egiteko astirik barik, ezin dugu erabakirik hartu".

EH Bilduko bost zinegotziek bozkatu zuten Kaleartean plataformaren mozioa gai zerrendan urgentziaz sartzearen alde, eta kontra Independienteen eta EAJren zazpi ordezkariek. Udal gobernuaren jarrera kritikatu zuen Mikel Urrutia EH Bilduko bozeroaleak: "Merkatariek, joan zen astean, sinadurak aurkeztu zituztenetik, eta plataformak bere eskariak publiko egin zituenetik, nahikoa denbora eduki duzue beraiekin berba egin eta gaia udalbatzara aurkezteko", esan zien Urrutiak.

"Borondate politiko falta"
Atzo udaletxe barruan gertatutakoagatik ez, baina euren eskariek herriko merkatariengandik jaso duten babesagatik, oso pozik zueden atzoko osoko bilkuraren amaieran, Kaleartean plataformako kideak. Plataformari babesa adieraziz, euren dendak itxi zituzten, atzo, 19:00etatik 20:00etara, herriko denda gehienek.

Independienteek eta EAJk atzoko udalbatzarrean agertutako "borondate politiko falta" salatu arren, pozik agertu ziren Ander Cimas eta Goretti Galan plataformako kideak: "Dugun babesaz ohartu, eta, behintzat, gurekin batzartzeko asmoa publiko egin duelako gobernu taldeak".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!