Aritza Rodriguez: “Aretorako ikuskizun batean antzerkia eta zirkua uztartzea ez da oso ohikoa gurean”

Anboto 2016ko mar. 11a, 10:00
‘Letter’ obraren aurkezpen biran, eta ‘Uda gau bateko ametsa’ antzezlanaren prestaketa lanetan dabil asteotan, Aritza Rodriguez

Bihar, Zornotzan, eta martxoaren 20an, Durangon, eskainiko dute Malas Compañías antzerki taldeak 'Letter' antzezlana.

Asteburu honetan eta hurrengoan, Zornotzan eta Durangon eskainiko duzue ‘Letter’. Zer sentsazio duzue saioetarako?
Polita izaten da Durangaldean aritzea, publikoan jende ezaguna egoten delako, eta horrek gogotsuago aritzea dakarrelako. Baina egia da azken aldian asko aritu naizela hemen: duela gutxi Moby Dick-ekin, adibidez.

Zer ibilbide darama ‘Letter’ek?
Urtarrilaren 7an, Bilboko Arriagan estreinatu genuen, eta geroztik, hainbat emanaldi eskaini ditugu. Hemendik udara arte, Euskal Herriko hainbat antzokitan egongo gara.

Orain arte, zer harrera egin dizue publikoak?
Zirkua kalean ikustera ohituta gaude Euskal Herrian, areto barrurako ikuskizun batean antzerkia eta zirkua uztartzea ez da oso ohikoa gurean. Baina, hala ere, harrera ona egin digu jendeak, eta poz-pozik gaude.

Aretorako zein kalerako bertsioak prest dituzue, ezta?
Momentuz, barrurako bertsioagaz gabiltza, eta Leioako antzerki jaialdian estreinatuko dugu kalerako moldaketa. Apirilean eta maiatzean ibiliko gara lana kalerako moldatzen.

Lan bat kalerako moldatzeko, zer aldatu behar izaten da?
Eszena aktoral intimo eta txikiak aldatu behar izaten dira, esaterako. Bisualki  ikusgarriagoak diren gauzak behar dituzu kalean, jendea harrapatzea lortu behar baituzu.

Kalerako lanean ibili izan zarete gehien Malas Compañías taldekoak, ezta?
Bai, kalerako ikuskizunetan, zirkua eta antzerkia uztartzen ibiltzen gara gehien. Orsai ikuskizunean, aktore bat ordezkatzeko sartu nintzen taldera, orain lau urte. Txatarra kaleko ikuskizuna sortu genuen gero, eta obra hori aurkezten ibili gara azken bi urteetan.

Taldeko hiru kideak zabiltzate ‘Letter’-en oholtzan.
Bai, Diego Aimar eta Mikel Pikazagaz dihardut oholtzan, eta Agurtzane Intxaurragak dihardu zuzendaritzan. 

Zer ekarpen egin dio Intxaurragaren zuzendaritzak lanari?
Hiru mutil gara zirku a egiten, eta hain energia maskulinoa orekatzeko, emakume batek zuzentzeak on egingo zigula pentsatu genuen. Ogro txikia antzezlanean zuzendari izan nuen, eta Txatarra ere zuzendu zuen. Oso gustura gaude beragaz.

Gutun baten idazketa eta bidalketa kontatzen du obrak.
Bai. Dramaturgiari dagokionez, konplikazio askorik bakoa da lana; nire pertsonaiak idatziriko gutun baten bidaia kontatzen du. Mikelen pertsonaia da gutuna bere helmugara eramaten duena, eta Diegok gutuna itxaroten duenaren papera jokatzen du. Akrobaziak, malabareak, oreka kableko saioak... denetik baliatzen dugu gutunaren bidaia kontatzeko. Beti, Carlos Imazek obrarako sortu duen piano musika ederrak lagunduta.

Askorentzat aspaldiko kontua izango da eskuz idatzitakoa postaz bidaltzea...
Bai, antzezlanaren gaiak badauka konnotazio melankoliko eta oso poetiko hori. Badirudi, gutun bat eskuz idaztea, jaso eta fisikoki edukitzea, mundu zahar bateko kontua dela.

Bilboko Arriagako ekoizpen batean lanean zabiltza, gainera, entseguetan buru-belarri.
Bai, William Shakespeare-ren Uda gau bateko ametsa obraren bertsio bat prestatzen gabiltza, apirilean Arriagan bederatzi emanaldi egiteko. Hiru hizkuntza darabiltzagu; euskara, gaztelania eta ingelesa. Obran hiru motatako pertsonaiak daude, eta bakoitza hizkuntza batean mintzo da; basoan bizi direnak, pertsonaia fantastikoak, euskaraz; maiteminduta dauden bi bikoteak eta komikoak, gaztelaniaz, eta monarkiaren munduan bizi diren pertsonaiak, ingelesez. Euskarazko eta gaztelaniazko itzulpenak eskainiko dira emanaldietan.

Zelan lortu duzu lan honetan jarduteko aukera?
Hautaprobarik egin barik proposatu zidaten lan hau. Izan ere, Arriagako hainbat ekoizpenetan egin dut lan azkenaldian, eta aproposa ikusten zuten pertsonaia niretzat.

‘Puck’ zara obra horretan. Zelakoa da pertsonaia?
Oso polita da, kolore askokoa; basoan bizi den iratxoa naiz, zeinak, bere edabeagaz, jendea bat-batean maiteminarazten duen. Shakespeare-ren obrako endredoa abiatzen duen pertsonaia bihurri eta ganberroa naiz.

Momentu profesional gozoa bizi duzula dirudi, lan asko egin eta hainbat errekonozimendu jaso dituzunez. Horrela da?
Egia esan, oso pozik nago nire bizitza profesionalagaz. Dena den, lan egiteko aukera edukitzeagaz bakarrik pozik nengoke, ez dut besterik behar. Nire helburu nagusia lan honetatik bizi ahal izatea da, eta esateko duguna modu polit batean esateko aukerak izaten jarraitzea. Baina, honetaz bizitzeko, saltsa askotan egon behar duzu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!