Inauteriak 2016

Inauteri giroaz gozatzeko aukera zabala Durangaldean

Anboto 2016ko ots. 5a, 13:40

Iazko inauterietan Durangon ateratako argazkia.

Inauterietarako egitarau oparoa prestatu dute Durangaldean. Egun hauetan, mozorro proposamen ugari izaten dira, horietako bat surrandiena, jakina. Izan ere, Durangon,  surrandien eta hartzaren kalejira 18:00etan irtengo da, bihar, merkatu plazatik. 20:00etan, Durangoko dantzariak, Jaizale txistulari elkarteak eta Tabira musika bandak Andra Mariko elizpean jarri dute hitzordua. Otsailaren 9an, ostera, haur parkea jarriko dute Landako gunean, eta DJ Oihan Vegak gaztetxoentzako diskoteka girotuko du, Ezkurdin.

Elorrion, otsailaren 9an, umeen dantzak, jolasak eta animazioa izango dituzte, goizean, plazan. Arratsaldean, berriz, gazte parkea, Luhartzen erromeria eta txokolatada izango dira aukeran.

Atxondon, Gaztetxean jarri dute zita, otsailaren 9rako. Aurpegia margotzeko tailerra, tostada dastaketa, mozorro desfilea eta DJa izango dira.

Berrizen, gaur, mozorrotuta  kalejiran irtengo dira. Erromeria ere izango dute. Bihar, koadrilen topaketa egingo dute,  eta, ondoren, afari herrikoian bilduko dira. Gauerdian, mozorro lehiaketako sariak banatuko dituzte.

Zornotzan, gaur bertan abiatuko dute inauterietako egitaraua Perubelerekin eta Udazken dultzainero taldeagaz. Enkore eta Itziarren Semeak taldeak Zelaietako parkeko karpan arituko dira. Bihar, Markeliñek Zoo Zoom ikuskizuna eskainiko du. Mozorro lehiaketaren ostean, Las Tea Party DJen txanda izango da. Otsailaren 9an, umeentzako diskoteka eta adinekoentzako mozorro lehiaketa antolatuko dituzte. Perubele karnabaletako pertsonaia kalejiran aterako dute, Zelaieta parkean hasita, eta txokolatea banatuko dute.

Mozorroa gertatzen lagunduko dute, Iurretan, maskara eta karatula tailerrean, otsailaren 5ean. Arratsaldean, aurpegi margoketa tailerra ere emango dute. Hurrengo egunetarako, bazkaria, erromeria, umeen ikuskizuna, mozorro lehiaketa eta txokolatada ere antolatuko dituzte.

Mallabian, otsailaren 6an, San Eskean irtengo dira baserririk baserri. Ondoren, mozorro erromeria egingo dute Gau Argi taldeagaz. Otsailaren 9an, berriz, Kidam magoaren bisita izango dute. Ansorregik, Larrañagak eta Lutxurdiok arratsaldea alaituko dute, frontoian. Tartean, mozorro lehiaketako irabazleak aukeratuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!