Aitor Bugallo, bere lagun eta ezagunen ahotik

Anboto 2016ko urt. 14a, 17:56

David Etxebarria, Erkaitz Elkoroiribe, Ruben Gorospe eta Eneritz Iturriagak Bugalloren izaera apal eta jatorra azpimarratu dute.

Gaur goizean Berrizen izandako auto istripu batean Aitor Bugallo txirrindulari ohia hil da. Gasteiztarra jaiotzez, urte askoan Durango eta Abadiñon bizi izan da. 1996tik 1998ra txirrindulari profesionala izan zen Euskadi taldean.

David Etxebarria txirrindulari ohi abadiñarra bere laguna zen, koadrila berekoa. Samina une batez gordetzen saiatu eta Anbotoren deiari adeitsu erantzun dio Etxebarriak: “Ona, jatorra eta zintzoa zen”, gogoratu du. Biak adinkideak ziren —42 urte— eta 12 urte zituztenetik elkar ezagutzen zuten. Cafés Baqué taldean elkarrekin  ibili ziren kadete mailatik aurrera. Afizionatuetan asko ibiltzen zen txirrindularia zela gogoratu du Etxebarriak: “Gogoan dut gazte mailako urtean berak zortzi lasterketa irabazi zituela eta nik zazpi. Asko zebilen”. Afizionatuetako lehen urtearen ostean, Etxebarriak profesionelatarako saltoa eman zuen eta Bugallo Fortaleza taldera joan zen Euskadi talderako urratsa eman aurretik.

Erkaitz Elkoroiribe abadiñarrak ere betidanik ezagutzen zuen, hamar bat urtegaz txirrindularitza eskolan elkarrekin hasi zirenetik. Elkoroiribe urte bat nagusiagoa da eta, gazte mailetan sarritan (kadeteetako eta gazteetako urte banatan) ibili ziren elkarrekin: “Txirrindulari listoa eta azkarra zen. Beraz, bost-hamar txirrindulariko ihesaldietan beti irabazteko faboritoetan artean zegoen”. Pertsona  moduan “fenomeno” bat zen: “Horrelako kasuetan hori esan ohi da, baina Aitorren kasuan ezin daiteke besterik esan. Kriston mutila zen. Sekula ez nion etsai bat ezagutu”. Euskadi taldean ere urtebetez ibili ziren elkarrekin.

Ruben Gorospe txirrindulari ohi mañariarrak Euskadi taldean ezagutu zuen taldeko masajista zela. Ondo ezagutzen zuen. Gorospek ere afizionatu mailan Bugallok eskainitako maila azpimarratu du: “Oso oso ondo aritu zen, maila handian”. Euskadi taldean ez zuen lasterketarik irabazi, baina bere “ausardia” azpimarratu du: “Oso lehiakorra zen eta ihesaldiak hartzen trebea”. Taldearen zerbitzura lan egiteko ez zuen sekula arazorik: “Esanekoa, langilea, jatorra eta zintzoa zen. Dohai horien sailkapenik balego, denetan podiumean egongo zen”. Txirrindularitza utzi ostean, urte askoan BH enpresan lan egin zuen Bugallok. Gaur egun Orbean zebilen.

Eneritz Iturriaga txirrindulari ohi eta Anbotoko kolaboratzaileak ere ezagutzen zuen Bugallo eta bere izaera “noble eta lagunkoia” azpimarratu ditu: “Eskualdeko txirrindularitzaren loraldia izan zen sasoiko protagonistetako bat izan zen”.

Bugalloren heriotzak oihartzun zabala izan du. Euskal Herriko, eta estatu mailako hedabide gehienek jaso dute horren berri eta sare sozialetan ere zabalkunde handia izan du. Lan egiten zuen Orbea enpresak, esaterako, honakoa adierazi du twitterren:

 - Tratu errazeko eta irribarre errepikaezinekoa, gaur utzi gaitu Aitor Bugallok. Orbean beti horrela gogoratuko zaitugu:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!