Emakumeen Bira

Telebistako emankizun gastuetarako 8.000 eurogaz lagunduko du Amankomunazgoak Emakumeen Bira

Anboto 2016ko urt. 13a, 13:38

Telebista bidezko emankizunak eskatzen dituen gastuetarako izango da. Aurtengo aldirako laguntza puntuala izango dela argitu dute Amankomunazgoko ordezkariek.

Emakumeen Biraren telebista bidezko estaldurak 50.000 euro inguruko gastua du. EITB ekoizpen gastuen kargu egingo da eta gainerakoa Emakumeen Bira ZKE-ko antolatzaileek batu behar dute. Antolatzaileek gaur jakinarazi dutenez, Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak 8.000 euro emango dizkie estaldura gastuetarako. Hartutako konpromisoa aurtengo aldirako laguntza puntuala da: "Birari laguntzea ez da gure jardunbideetako bat, baina probaren jarraikortasuna bermatzeko, emakumeen kirola delako eta gainera Euskal Herri mailan nazioarteko emakumeen lasterketa bakarra delako laguntzea erabaki dugu. Baina berez dagozkien erakundeek hartu beharko lukete gastu hori bere gain: Jaurlaritzak, EITBk edo biek", adierazi du Aitor Lopez Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko presidenteak. 

Durangoko Udalak ere iragarria du bere laguntza handitu egingo duela aurten: 1.800 eurotik 3.000 arte. Eusko Jaurlaritzak 15.000 euro jarriko ditu. Beraz, antolatzaileei oraindik 15.000 mila euro falta zaizkie gutxigorabehera gura duten estaldura motara heltzeko: etapa denetako laburpenak egunean bertan eta azken egunean zuzeneko emankizuna.

Kopuru osora heltzen ez badira, zuzeneko emankizuna kendu egingo dute eta laburpenekin konformatuko dira. Batera zein bestera, telebista bidezko estaldura garrantzitsua da UCIren aurrean aurrekaria ezartzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!