Henrik Ibsenek 1879an estreinatu zuen antzezlana da, asteburuan Durangaldeko bi antzokitan ikusgai izango denaren oinarria. Zoriontsuak diruditen senar-emazte bi dira Ibesenen bertsioaren protagonistak. Familian menpeko papera betetzen duela ohartzen denean, baina, etxetik alde egiten du antzezlan klasikoaren emakumezko protagonistak.
Ibsenen Una casa de muñecas eszenaratzeko entseguetan dabilen aktore taldearen bitartez, istorio hori gaur egunera ekarri du Pako Revuelta zuzendariak. Aktore talde horren paperean dihardute Enriqueta Vega, Ramón Ibarra, Josu Kamara, Eneritz Artetxe eta Natxo Gomes aktoreek.
Hasieran, zailtasun berezirik bakoa zirudien obra prestatzen dabiltzala, pertsonaia horiei sortzen zaizkien arazo eta kontraesanen kontakizuna da Arriaga antzokiak ekoitzi duen Una casa de muñecas.
XIX. mendeko obra klasikoa abiapuntu hartuta, antzerkiari buruzko hainbat gogoeta plazaratzen ditu Revueltak zuzenduriko antzezlanak. Besteak beste, XXI. mendeko antzerkigintzan, oraindik ere emakumezkoen errealitate eta arazoei buruzko antzezlanak gizonezkoek idatzirikoak izaten direla sarritan, edota antzokien programazioa kudeatzen dutenak ere gizonezkoak izaten direla, gehienetan.