Tarsiciok eta Peñak ezin izan dute Euskadiko Rallysprint Txapelketa irabazi

Anboto 2015ko aza. 2a, 10:29

Azken probako azken txandara arte aukerak izan dituzte, baina azkenean Aingeru Castro eta Alaitz Urkiolarentzat izan da txapelketa.

Aingeru Castrok sare sozialetan onartu duenez bere ibilbideko Rallysprint txapelketarik gogorrena izan da. Ez da gutxiagorako. Hiru bikote irabazteko aukerekin heldu ziren Karrantzako probara: Iban Tarsicio-Iñigo Peña, Enrique Barrenetxea-Arando-Anartz Onandia, eta, Aingeru Castro-Alaitz Urkiola. Lehenengo biak, hein handian, irabaztera beharturik zeuden eta Castro-Urkiolak nahikoa zuten bigarren sailkatzea. Eta postu horretan amaitu zuten: bigarren. Barrenetxea-Arandok irabazi zuen Karrantzako proba eta Tarsicio abadiñarrak eta Peña atxondarrak osatu zuten podiuma. Txapelketako azken sailkapenean ere hirugarren geratu da Durangaldeko bikotea.

Gaua, kalterako

Lehenengo txandan Barrenetxea-Arando gehiago izan zen. Bigarrenean Tarsiciok hortzak estutu eta aurrea hartu zion. Azken txanda erabakiorra hasterako gaua zen eta gauez aritzea “ez zait ondo ematen”, onartu du Tarsiciok. Hortxe ihes egin zion txapelketak. “Irabazteko ilusio handia geneukan”, dio abadiñarrak, edozelan ere, egin duten denboraldiagaz oso pozik dago. “Mendiko txapelketa irabazi dugu eta rallysprintean azken lasterketaraino irabazteko aukerekin egon gara. Babesleekin berba egin dugu eta pozik daude. Balorazioa oso ona da. Datorren urtean berriro saiatzeko gogotsu gaude”.

Orain aste batzuk, Tarsiciok eta Peñak Mendi Igoeren Euskadiko Txapelketa irabazi zuten.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!