Tarsicio, mendi igoeren Euskadiko txapeldun

Anboto 2015ko urr. 27a, 09:00

Datorren asteburuan Euskadiko Rallysprint txapelketa ere irabazi dezake, Karrantzan.

Iban Tarsicio pilotu abadiñarra denboraldi gogoangarria osatzen ari da. Bere ibilbidean, lehenengoz, Euskadiko mendi igoeren txapelketa irabazi du, eta beste garaipen handi baten atarian dago: Euskadiko Rallysprint txapelketako liderra da azken probaren faltan.

Horrela, mendi igoeretako garaipenagaz “oso pozik” dagoen arren, ez du poza barneratzeko denborarik hartu, rallysprinteko hitzorduan zentraturik dagoelako: “Hori ere irabazteko ilusio handiz nago”.

Rallysprint txapelketako azken proba urriaren 31n izango da, Karrantzan. Lider dago, eta hiru puntura du Aingeru Castro, eta hamaikara Enrike Barrenetxea. Hirurek dituzte aukerak txapelketa irabazteko.
Karrantzakoa ez da bere dohainetara egokitzen den zirkuitua: “Ibilbide arina da, errepide zabalekin. Ni askoz hobeto moldatzen naiz errepide estu, zikin eta labankorretan”. Edozelan ere, Iñigo Peña kopilotu atxondorrak eta biek garaipena dute buruan.

Mendi igoeretan erregulartasunak eman dio azken garaipena. Lasterketa bat irabazi du, txapelketari hasiera ematen zion Opakuakoa, eta gainerako ia denetan podiumean izan da.

Txapelketa bietan Mitsubishi EVO IX bat gidatu du, eta eskainitako errendimenduagaz zein fidagarritasunagaz gustura dago.

‘Olabe’ bigarren
Mendi igoeren txapelketan bigarren sailkatu dena ere eskualdekoa da: Iñigo Olabegogeaskoetxea atxondarra. Joan zen asteburuan txapelketako azkenengo proba irabazi zuen, Urrakin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!