'Barbantxo' antzezlanari buruzko aplikazioa aurkeztuko du Logelak, bariku honetan, Berrizen

Anboto 2015ko urr. 20a, 09:30

Datorren barikuan, urriaren 23an, emanaldi bi izango ditu Logela Multimedia Elorrioko taldeak, Durangaldean.  Batetik, iaz aurkeztu zuten Barbantxo umeentzako antzezlan multimedia aurkeztuko dute, Berrizen. Bestalde, Divenire ikuskizuna eskainiko dute Zornotzan.

Barbantxon istorio ezagun bat, forma eszeniko berrien bitartez eskaintzen du Logelak ikuskizun honetan; mapping teknika, musika, kantuak eta 3D proiekzioak baliatzen dituzte. Kultur Etxean izango da emanaldia, 18:00etan, eta nobedade bat aurkeztuko dute, gainera: Barbantxo 3D ipuin interaktiboa. Gailu mugikorretan instalatzeko aplikazioa da, eta www.barbantxo.com webgunean deskargatu  daiteke. Ikusentzunezko efektuekin jolastu, eta ipuina entzun edo irakurri daiteke aplikazio horren bidez. Gainera, 3D betaurrekoak modu errazean egiteko gida ere eskaintzen du Logela Multimediak aplikazio horretan.

Bestalde, urriaren 23an, baita, Divenire ikuskizuna eskainiko dute, 21:00etan, Zornotza Aretoan. Logela Multimedia taldeko Imanol Garaizabalen irudiak Circle Of Trust taldeko dantzarien mugimenduekin uztartuko dituzte emanaldian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!