Hasi da Durangaldeko Maketa lehiaketaren hirugarren ediziorako izen-ematea

Anboto 2015ko ira. 21a, 15:00

Urriaren 17ra arte eman ahalko dute izena musika lehiaketa horretan parte hartu gura duten taldeek. www.ametxgazteria.net webgunearen bitartez egin daiteke izen-ematea. Gutxienez taldekideen erdia 18 eta 35 urte artekoa izatea da parte hartu ahal izateko baldintza nagusia.

Izena ematen dutenetatik 9 talde hautatuko ditu epaimahaiak lehiaketan aurrera egiteko. Antolatzaileen berbetan, "taldearen pertsonalitatea, joaldiaren kalitatea, moldaketaren aberastasuna, eta zuzenekoetarako potentzialitatea" hartuko dituzte hautaketa egiteko, kontutan.

Urriaren 26an emango dute jakitera zein talde diren aukeratuak, eta 9 talde horiek joko duten azaroko eta abenduko lehiaketaren barruko emanaldietan. Azaroaren 20an eta 27an, eta abenduaren 11n izango dira hiru kontzertuak, eta epaimahaiak aukeratzen dituen hiru taldeek joko dute datorren urte hasieran egingo duten finalean.

Hiru sari emango dituzte Durangaldeko III. Maketa Lehiaketan; talderik onenak 1.500 euro jasoko ditu, 500 euskarazko kanturik onenaren egileak, eta Zornotzako jaietan jo ahal izatea, hirugarrenak.

Abadiño, Durango, Iurreta eta Zornotzako udaletako gazteria arloek elkarlanean antolaturiko ekimena da Maketa Lehiaketa hau. Lehenengo edizioan Kilauea taldeak irabazi zuen, eta Mockers taldeak, iaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!