“Merezi duten harrera”
Momentuz, hiru udalek agertu dute publikoki errefuxiatuei laguntza emateko borondatea. Durango, Zornotza eta Berriz dira udal horiek, hain zuzen. Edozelan ere, hurrengo egunetan udal gehiagotan aztertuko dute gaia. Errefuxiatuei elkartasuna erakutsi diete Durango, Zornotza eta Berrizko udalek, eta “merezi eta behar duten harrera” egin gura diete, onartutako adierazpenetan azaldu dutenez. Babesa “eraginkorra eta iraunkorra” izan dadin, eskura dituzten baliabideak aztertzen hasi dira, hala nola, etxeak, nahiz eta oraindik erabaki zehatzik ez egon.
Dinamika hori guztia Eusko Jaurlaritzagaz eta erkidegoko beste erakundeekin koordinatzeko prestutasuna azaldu dute hiru udalek.
Bizkaian, 520
Joan zen astean batzartu ziren, lehenengoz, Jaurlaritzako, hiru aldundietako eta Eudeleko ordezkariak, koordinazio lanetako lehenengo erabakiak hartzeko. Bertan, “autonomia erkidegoa 1.000 errefuxiatu hartzeko egoeran” dagoela ondorioztatu zuten. Kopuruaren banaketa herrialdeka eginez gero, Bizkaian 520 jasoko direla aurreikusi zuten, Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunek ohar bidez esan dutenez.
Gaia koordinatu eta gestionatzeko, erakunde arteko batzorde berezi bat sortzea ere erabaki zuten batzarrean, eta, bertan, Sergio Murillo durangarrak parte hartuko du, Bizkaiko Gizarte Ekintza saileko zuzendaria da eta.