1937ko maiatzetik urrira arte, Asturias jausi arte, errefuxiatuz betetako 16 itsasontzi irten ziren kostaldetik, etenik barik. Zenbat pertsonek erabaki zuten erbestera joatea?
Ez naiz zenbaki bat esatera ausartzen. Erroldak atzerrira joan eta gero egin ziren, bertan ez zelako zenbaketa egiteko astirik izan. Ingalaterrara joan ziren umeen zerrenda baino ez zuten egin: 3.861. Gainontzekoak, Frantziara, Kataluniara, Belgikara, Errusiara, Suitzara, Danimarkara, Mexikora... joan ziren.
Zenbaki polemikoa izan zen?
Ebakuatutako umeen kopurua beste errefuxiatuena baino polemikoagoa izan zen Francoren eta Euskal Herriko gobernuaren artean. Izan ere, umeak kanpora atera beharra desprestigioa zen Francorentzat. Beraz, zenbakia bajatu egin zuten, 12.000ra. Gureek zenbakia bikoiztu egin zutela esango nuke. Nik 25.000-30.000 ume inguru izan zirela esango nuke. Hala ere, ez naiz datu hori idaztera ausartzen, susmoa baino ez delako. Ez daukat datu objektiborik.
Zergatik ez dago datu zehatzik?
Oraindik hasi baino ez garelako egin exilioa ikertzen. Historialari gutxi ari dira gai hau ikertzen. Umeen arloan, Iparraldera zenbat joan ziren, oraindik ez dakigu. Beti interesatu zait gai hori. Han ere, hainbeste kolonia egon ziren.
Herrialde bakoitzak errefuxiatuak antolatzeko bere modua izan zuen?
Bai. Frantziak, adibidez, Santurtzitik, Santanderretik, Asturiastik joandakoak hartzen zituen, baina exilio nahasia izan zen.
Eta Ingalaterrak?
Ingelesak, beraiek etorri ziren hona, hara joango ziren umeei banan-banan osasun azterketa eta zerrenda egitera. Itsasora irteteko, beraien itsas armadako flota ekarri zuten. Izan ere, irteteko bide bakarra itsasoa zen, eta blokeatuta zegoen. Destroyer bi ondoan joaten ziren, itsaso zabalera irten arte.
Zergatik esaten zieten umeei “ebakuatu”, eta ez “exiliatu”?
Euskal Gobernuak antolatutako espedizio bereziak izan zirelako. Gurasoek ez zuten joateko lekurik izan. Britainia Handiak, adibidez, ez zuen errefuxiaturik nahi. Nagusiak joanez gero, iraunkortasuna izan zezaketen, eta han gelditu. Umeak, ostera, itzultzeko joan ziren. 1940an, ia denak bueltatu ziren. 500 lagun han gelditu ziren. Izen ezagunak gelditu ziren. Besteak beste, Alberdi eskultorea eta futbolariak ere bai.