Errefuxiatuen harrera

Javier Canivell, CEAR: "Espainiak badu gaitasuna errefuxiatuak hartzeko; borondatea da behar dena"

Anboto 2015ko ira. 18a, 09:00

Javier Canivell CEAReko  (Errefuxiatuei laguntzeko Batzordea) zerbitzu juridikoko koordinatzailea da.

CEARen zein datu duzue EBean eskatzen diren nazioarteko babesen inguruan?
2014an Espainiako Estatuan  5.947 pertsonek nazioarteko babesa eskatu zuten. Horietatik, 384 errefuxiatu estatutu (122 siriarrak) eta 1.199 babes subsidiario onartu zituzten (1.040 siriarrak). Espainiak Europako Batasuneko eskaeren %0,95 jaso zuen iaz.

Eta EBko beste herrialde batzuetan?
Guztira, iaz, 625.000 pertsonek eskatu zuten babesa Europako Batasunean. Espainian ia 6.000 eskaera egin ziren, Alemanian 200.000, Suedian 80.000, Italian 65.000, Frantzian 62.000, Hungarian 42.000, eta Ingalaterran 32.000 jaso zituzten.

Espainiako Estatuko ratioa Europako baxuenetarikoa da?
Espainiako Estatua oso atzean dago 2014ko zerrenda horretan. Horregatik diogu, oraindik gaitasun handia duela pertsona errefuxiatuak hartzeko. Borondate politikoa da falta duena.

Pertsona bat heltzen denean, babesa eskatzen duenean, zein arazoren aurrean egoten da?
Arazo nagusia hona heltzea da. Hasieran, jatorrizko herrialdetik ihesi irtetea eragin duen arazoa dago. Ondoren, hona etorri arteko bidean aurkitzen ditu zailtasunak. Europako Batasuna gotortu egin da immigrazioa geratzeko, eta, ondorioz, ihesi doazenak ezin dira herrialde seguruetara sartu. Mugak, harresiak eta hesiak gainditu, eta bisak lortu behar izaten dituzte. Horregatik, estatuan nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonen ratioa oso baxua da.

Zenbaki dantza handia entzuten ari gara Europako Batasuneko herrialde bakoitzak jasoko dituen errefuxiatu kopuruen inguruan. Zenbakiez hitz egin daiteke? Nahikoa da horrekin?
Espainiak neurri lotsagarria hartu zuen hasieran, babestuko zituen pertsonen kopurua ‘zuhur murriztuz’.  Batzordeak 4.288 lagun hartzea eskatu zion, eta 2.738 bakarrik hartuko zituela erantzun zuen hasieran. Orain, gizarteak modu solidarioan erantzun duenez, horrek presioa sortu duela ematen du. Horren eraginez, badirudi Europako Batzordeak esandako kopurua onartuko duela. 15.000 izango dira. Nahikoak dira? Behar duten guztiak jasotzea izango litzateke nahikoa. Era berean, siriarrei buruz hitz egiten den moduan, munduan dauden beste 35-36 gatazkei buruz ere berba egin beharko litzateke. Beraz, oraindik asko dago egiteko.

Espainiako gobernua errefuxiatuekin konprometituta dago?
1951ko Ginebrako Konbentzioko kide izanda, konpromisoa izan beharko luke beharrizan hori duten pertsonei babesa emateko. Gertatzen dena da, jartzen diren zailtasunak oso handiak direla. 600 plaza baino ez zeuden orain arte.

Zeregin handia dago arlo honetan.
Urteetan, giza eskubideak bermatuko dituen Europa mailako asilo eta immigrazio politika berri bat eskatzen ari gara CEARetik. Era berean, beharrezkotzat jotzen dugu erreskate eta salbamendu operazio eraginkor bat martxan jartzea, mediterraneoan gertatzen ari diren heriotzak saihesteko. Neurri zehatzekin asilo eskubiderako sarbidea erraztea ere ezinbestekoa da. Horretarako, berkokapenerako politikak martxan jarri ahalko lirateke. Esate baterako,  enbaxada eta kontsulatuetan asiloa eskatu ahal izatea, bisa humanitarioak sortzea, igarotzeko bisak kentzea... Azkenik, pertsonen lekualdatze behartuak eragiten dituzten arrazoiei heldu beharko litzaieke.

Herri instituzioek, zelan lagundu dezakete?
Ardura handiena Estatuko gobernuarena da. Bera da konprometitu dena. Herri instituzioek ere lan handia egin dezakete errefuxiatuak hartzeko. Besteak beste, udal etxebizitzak bideratu ditzakete, eta erroldatzeko aukera eskaini; sentsibilizazio kanpainak egin ditzakete, adierazpen instituzionalak egin, edota babes-gune egonkorrak sortu. Gauza asko egin daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!