50. Durangoko Azoka

Gerediaga, 50 urtez Durangaldea zaintzen, ikertzen eta zabaltzen

Anboto 2015ko eka. 5a, 09:00

1965. urtea zen, frankismo garaia. Hainbat lagun zebiltzan hausnarketan, Durangaldeko kultura, historia eta ondarea sustatzeko beharrak bultzatuta. Durangaldea zaintzea, ikertzea eta zabaltzea zen euren asmoa. Ekainaren 7an, Abadiñon batu ziren, Soloenean, eta hantxe jaio zen Gerediaga Elkartea.

Hamaika herritar ziren, eta haien artean zegoen Jose Luis Lizundia euskaltzaina. Harro sentitzen da sortzaile izateaz, eta pozik dago Gerediagak ordutik hona izan duen arrakastagatik: “Eskualdean interesa eta arrakasta lortu zituen elkarteak. Durangoko Azokagaz, Euskal Herri guztian erreferente bihurtu ginen”. Ilusioz beteriko ekintzaileak ziren, eta Durangoko Azoka izan zen euren iraultza txikia: “Lehenengo azoka lan eta eragozpen askoren ostean egin genuen”.

Gerediaga elkarteko kideak 1970eanHasierako sasoiak
Lehenengo presidentea Conchita Astola izan zen, eta gerora etorri ziren Balendin Lasuen, Jose Ignacio Alberdi eta Sabin Goikolea. 16 urtegaz hurreratu zen Goikolea Gerediagara. Andra Marian egiten zen azokan boluntario gisa parte hartu zuen, “euskararen eta Euskadiren alde zerbait egin nahian”. Gero, frankismoa amaitzean hartu zuen presidente kargua, eta “itxaropen handiko momentuak” zirela dio. Ordurako lanik zailena eginda zegoela uste du, “aurkako giro politiko batean eta baliabide gutxigaz”.

Telefonorik barik
1980ko hamarkadan, Antton Mari Aldekoa-Otalora presidente zela, azoka zuzentzeko 20 urteko zaparro batengan ipini zuten konfiantza. Jon Irazabal zen gazte hori, eta ordura arte elkarteko artxiboaz arduratzen zen: “Muntaia, giroa, gizartea... Guztia zen desberdina”. Gaur egun pentsaezina litzateke telefono mugikor barik lan egitea. “Hitz liburu dendako telefonoa erabiltzen genuen, eta eguerdietan eta gauetan egiten ziren telefono deiak”. Abantaila, borondatezko lana: “Laguntza beldur barik eskatzen genuen, eta erantzun egiten zuen jendeak”.

Azokaz aparte, Gerediagak hainbat arlotan egindako lana azpimarratu du Irazabalek: adibidez, euskara ikasteko gau eskolak sortzen eta baserritarren kooperatiba bultzatzen. “Frankismoan, udal hauteskundeetarako hautagaiak aurkeztu zituen Gerediagak Durangon eta Abadiñon. Baina Gobernuak ez zuen onartu”. 50. urtemugaren harira, liburua landu du Irazabalek Raquel Calvo kazetariagaz batera.

Durangoko Azoka 1994anAzokaren trantsizioa
1980ko hamarkadan, Gerediagako kide egin zenean, ez zegoen Nerea Mujikaren asmoen artean presidente izatea. Baina 2004an izendatu zuten, eta azokaren zabalpenaren trantsizioa gidatu du. “Harro sentitzen naiz bide horregaz. Gerediagaren ateak beti zabalik egon behar du, jakinda elkarlana beti aberasgarria dela, nahiz eta batzuetan zaila izan”.

2012ko edizioan azokako zuzendari izan zen Aiert Goenagari ez zioten kontratua berritu, eta horrek ekarritako “gorabeherak eta une tristeak” akordu gazien artean ditu Mujikak. Gozoen artean, “gaztetako idolo bati, Benito Lertxundiri, argizaiola saria ematea” aipatu du.

Mujikaren esanetan, Gerediagak gaur egungo egoeretara egokitu, eta gazteriarengana heltzeko kezka eduki du, eta aurrera begira ere hori izango da erronketako bat. Bestalde, aurten antolatuko den 50. Durangoko Azoka berezia izango dela adierazi du. Bitartean, Gerediagaren sortzaileak eta ordutik hona egindako lana omenduko dituzte etzi, Topa egunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!