Soloena (1965) Astola (2015)

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Lizundia 2015ko eka. 5a, 09:55

Soloenean batzartu ginen 1965eko ekainaren 7an eta afari baten aitzakiaz Gerediaga Durango Merindadearen Adiskideen Elkartea sortzea erabaki genuen. Pazkoerdikoetan batzartzen ziren eskualdeko elizateetako ordezkariak, eta guk ere, tradizioa oroituz, hala egin genuen. Hamaika izaten ziren –Sanagustinetxebarria aldendua zelako– eta hamaikok bildu ginen: Koldo Altzibar, Jesus Astigarraga, Conchita Astola, Charines Astola, Julian Berriozabalgoitia, Bixente Kapanaga, Carmen Miranda, Arrate Salazar, Salvador Solaegi, Leopoldo Zugaza eta ni neu.


Conchita Astola hautatu genuen presidenta, eta estatutuak bidali genituen, legeriak agintzen zuen legez. Gobernadoreak urtebete beranduago, ekainaren 1ean, onartu zigun elkartea. Baina, itxoiten egon gabe, urietan pintura erakusketak eratu genituen, eta denontzat, guretzat, agintarientzat, euskal kulturarentzat eta, oro har, euskal gizartearentzat sorpresa bat izango zena, Euskal Liburu eta Disko Azoka ere antolatu genuen. Ideia sortzaileetariko batena izan zen, Leopoldo Zugazarena, nonbait Errepublika garaitik hartua. Arrakasta izugarria izan zen eta, gaur egun, elkartearen ezaugarririk ezagunena da, batez ere, Euskal Herria mailan.

Baina elkarteak ez du 1965eko oroimenean gelditu behar, baizik eta aztertu eta baloratu egin behar du zer izan den eta zer egin duen 50 urte hauetan Conchita Astola eta bere taldeak, orobat Balendin Lasuenek, Jose Ignazio Alberdik, Anton Mari Aldekoa-Otalorak eta Nerea Mujikak eta bere zuzendaritza kideek eta bazkide guztiek. Eta aurrera begiratuz, eskualdearen mesedetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!