Pilota eta aisialdia uztartuz, udalekuak ekainean hasita

Anboto 2015ko mai. 12a, 11:46

Abadiñoko Tornosolo eta Atxarte pilota elkarteek, eta Durangoko pilota eskolak 8 eta 14 urte bitarteko gazteei begirako udalekuak antolatu dituzte ekainaren 22tik uztailaren 17rako. Kirola eta aisaldia uztartuta, pilota arloko jokamolde guztiak ezagutzeko aukera eskainiko dute (esku pilota, zesta-punta eta paleta, esaterako), eta beste kirol mota batzuekin tartekatuko dituzte (txirrindularitza eta atletismoa, adibidez), eskaintza ahalik zabalena izan dadin.


Horrela, Abadiñoko eta Durangoko pilotalekuetara zein Tornosolo trinketera ez ezik, Landakoko atletismo pistara eta Berrizko belodromora ere irteerak egingo dituzte. Amankomunazgoa, eta Durangoko eta Abadiñoko udalak dira ekimenaren laguntzaileak.

Aste bat, bi, hiru edo hilabete osorako izena eman daiteke, eta prezioak 50 eurotik –aste bat– 150era –hilabete osoa– bitartekoak dira. Honako e-mailaren bidez egin daiteke izen-ematea maiatzaren 22ra arte: kiroludalekuak@gmail.com. Udalekuak goizetan izango dira, 09:15etik 13:15era, astegunetan.
San Trokaz Pilota Txapelketa

Abadiñoko Tornosolo elkarteak trinketeko San Trokaz Pilota Txapelketa abiatuko du gaur. Eskuz binaka benjamin, kimu, promesa eta nagusien mailetan garatuko da txapelketa. Asteburu honetan, kanporaketak jokatuko dituzte. Gaur, 18:15ean, eta, domekan, 10:45ean, gaztetxoen eta nagusien mailako finalak erabakiko dituzte, tartean eskualdeko hainbat pilotari daudela. Zapatuan, 17:00etan, promesen mailako finalaurreko biak jokatuko dituzte. Finalak maiatzaren 15ean eta 16an izango dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!