Zugan Ni gazte antzerkigileen tailerra amaitzeko jaialdiak

Anboto 2015ko mai. 8a, 09:13
13 eta 18 urte arteko gazteek hartzen dute ekimenean parte.

Ikasturte honetan Zugan Ni jaialdiaren barruan lantzen ibili diren antzerki obrak erakutsiko dituzte, datozen asteetan, eskualdeko hainbat antzerkilari gaztek. Asteburu honetan, Durangoko San Agustinen eskainiko dute jaialdia, eta, maiatzaren 17an, Zornotza Aretoan, esaterako. Bihar, zapatua, 20:00etan hasiko den Durangoko doako emanaldian eskainiko dituzte ikasturte honetako antzezlanak.

Durangoko, Iurretako, Elorrioko, Zornotzako eta Igorreko ia 100 gaztek parte hartu dute, aurten, gazteak antzerkigintzara gerturatzea helburu duen ekimen honetan. 13 eta 18 urte artekoak izan dira parte-hartzaileak.

Zugan Ni ekimenaren zortzigarren edizioa izan da aurtengoa, eta maiatzeko jendaurreko emanaldiokin emango dute amaitutzat. Biharko Durangoko hitzorduaren ostean, maiatzaren 17an, Zornotzan elkartuko dira antzerkigile gazteak.

Markeliñe antzerki taldeak koordinatzen du Zugan Ni, eta ekimenean parte hartzen duten antzokien laguntzagaz antolatzen du egitasmoa.

Emanaldien datak

Maiatzaren 9an, 20:00etan, Durangoko San Agustin kulturgunean

Maiatzaren 11n, 19:00etan, Iurretako Ibarretxe kultur etxean

Maiatzaren 16an, 19:00etan, Elorrioko Arriola antzokian

Maiatzaren 17an, 18:00etan, Zornotza Aretoan

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!