Durango laranjaz jantzi da

Anboto 2015ko mar. 16a, 10:24

Kamiseta guztiak salduta, tonbolan 5.000 euro aterata, zozketako 4.500 boletoak salduta... Ekonomikoki arrakasta eduki zuen leuzemiaren kontrako maratoi solidarioak. Baina arrakasta handiena, jendearen elkartasuna eta parte-hartzea.

Goizetik jendetza batu zen Durangon merkatu plazaren bueltan. Ehundaka lagunek parte hartu zuten xakean eta krossean, eta eguerdirako jendez lepo zegoen plaza. Gainera, 14:00etan ekitaldia burutu zuten Ezkurdin; puxika laranjak aireratu zituzten hil zirenen omenez. Arratsaldean zumba maratoiagaz jarraitu zuen jaialdiak, eta merkatu plaza dantzan jarri zen.

Gurutzetako ospitaleko ikerketetarako dirua batzea zen antolatzaileen asmoetako bat, eta durangarrek ondo baino hobeto egin zuten ekarpena. Eguerdirako, ez zen kamisetarik geratzen, zozketako 4.500 boletoak agortu ziren, eta 5.000 euro atera zituzten ospetsuen kamiseten tonbolan –Messik sinatutako kamiseta zegoen tartean–.

Horrez gainera, 11:00etan eta 17:00etan berbaldi bi eskaini zituzten hezur-muinaren dohaintzari buruz.

Laranja kolorez

Maratoiaren aurrelanak eragin handia eduki du Durangon. Hainbat komertziok lagundu dute ekimena, eta euren erakuslehioetan ipinitako puxikek laranjaz jantzi dute Durango; askok etxeetan ere eskegi dituzte puxikak. Durangon ez da puxika laranjarik salgai geratzen, eta hainbatek Internet bidez erosi behar izan dituzte. Atzo, maratoian parte hartu zuen jendea kamiseta laranjekin irten zen etxetik, eta guztia batuta, Durangon luzaroan gogoratuko den elkartasun irudia osatu zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!