Tsunami bihurtu den marea

Anboto 2015ko mar. 13a, 11:34

Domekan ospatuko den maratoi solidarioa aurkeztu dute prentsaurrekoan 'Marea Laranja'-ren sustatzaileek. 400dik gora komertziok, ikastetxe guztiek, hainbat elkartek eta herritar ugarik lagundu dute ekimena. Durango laranjaz jantzi da, puxika eta kartel laranjaz beteta. Horregatik, "Durango osoari eskerrak" eman dizkiote antolatzaileek.

"Hau ez da marea bat, hau tsunami bat da". Semea leuzemiaz gaixorik daukan Marlen Arangurenen berbak izan dira. Bere loba Miriam Etxenagusia izan zen domekako maratoiaren ideia eduki zuena. "zerbait egin behar zuela" sentitu, eta lehenik zumba maratoia antolatu zuen Etxenagusiak Elorrioko kiroldegian, bertako irakaslea baita. Ostean, Durangon egiteko ideia bota zion bere izekori. Aranguren eta Susana Del Amo –urrian leuzemiaz hildako Ekaitz umearen ama– ideia horri bueltaka hasi ziren, eta hor mamitu zen domekako jaialdi handia.

Datuek erakusten dute jaialdiak dagoeneko eduki duen eragina eta arrakasta. 400dik gora komertziok bat egin dute ekimenagaz, eta dohaintzak egin dituzte tonbolarako. 500dik gora opari egongo dira tonbolan, eta gainera kirolari ospetsuen 60 bat kamiseta ere jaso ahal izan dituzte. Durangoko ikastetxe guztiek landu dute gaia, eta ehundaka umek krossean eta zumban parte hartuko dute. 1.500 xingola banatu dituzte, eta saldutako kamisetak ere 1.000tik gora dira. Gainera, 150 boluntario lanean egongo dira domekan jaialdia ondo atera dadin.

Egitarauari dagokionez, garrantzia berezia eman diote 11:00etan Zugaza zineman eta 17:00etan merkatu plaza atzeko lokaletan eskainiko dituzten berbaldiei. Hezur-muina ematearen ingurukoak izango dira, eta Patricia Rodriguez eta Jesus Sanchez medikuek eskainiko dituzte azalpenak. Horrez gainera, Gurutzetako ospitaleko Itziar Astigarraga medikua ere Durangon egongo da; jaialdian batzen den dirua Astigarragak zuzentzen duen ikerketa bultzatzeko izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!