Leuzemiaren kontrako 'Marea laranja': "Durangon egiten gabiltzanagaz norbait hiltzea saihesten gabiltza"

Anboto 2015ko mar. 13a, 09:00

Urteak atzera, Nevers ikastetxean ikasle eta irakasle zirela ezagutu zuten elkar Susana Del Amok eta Marlen Arangurenek. Orain, leuzemiaren kontrako borrokak elkartu ditu berriro. Susanaren semea, Ekaitz, sei urtegaz hil zen, duela bost hilabete, eta Marlenek Alain semeagaz borrokan jarraitzen du. ‘Marea laranja’ izeneko mugimendua sortu zuten ikerketa bultzatzeko eta herritarrak emale bihurtzera animatzeko. Domekan maratoi solidarioa egingo dute. Elkarte eta herritar ugarik lagunduko dute, Durangon eragin itzela eduki duen elkartasun olatuaren erakusle.


Durango minbiziaren kontra sentsibilizatzen dabil, ezta?
M.A.: Asko. Gauza bat hurrekoa dela ikusten denean, jendeak dena ematen du. Durangarrek dagoeneko badakite kolore laranja leuzemiarena dela. Inguruko herrietako jendeak ere esan digu ea zergatik ez ditugun abisatu, eurek ere puzgarriak salduko zituztela eta!

S.D.A.: Nik uste dut horrek erakusten duela jendea sortzez ona dela. Jendeak era naturalean esan digu lagundu gura duela. Parte hartuko duten elkarte eta enpresek bazekiten euren izena ez zela inon agertuko. Argi geneukan hori, eta ez dugu inor behartu. Domekakoa mugarri bat izango da gure borrokan.

M.A.: Gaixotasuna bizi duten batzuek kanpotik deitu digute domekan badatozela esateko, eta horrek hunkitu egiten zaitu.

Ikastetxeetan ere zabaldu duzue ‘Marea laranja’; helburu argi bategaz, gainera.
S.D.A.: Helburuetako bat betetzen lagundu digute ikastetxeek: minbiziari buruz egin dute berba. Ekaitzek Neversen ikasi izana zorte handia izan zen, lan ona egin zuten eta. Ez zuen begirada arrarorik bizi; ikasgeletan minbiziaz berba egin zuten, eta normaltasunez bizi zuten gaia.

Kanpaina honegaz batuko duzuen dirua ikerketarako da.
S.D.A.: Maratoia hasi orduko, badaukagu helburutzat genuen dirua. Baina orain beste ikerketa proiektu bat hasi behar dute Gurutzetan, Itziar Astigarraga onkologia arduradunaren eskutik. Kimioterapiaren ikerketarako zenbat diru sartu den eta proiektu berrian zenbat erabiliko den esango dute, eta gero emaitzak emango dituzte. Uste dut zertarako den jakiteak eragin duela jendeak parte hartu nahi izatea.

Gainera, hezur-muin emale bihurtzeko deia egingo duzue domekan, ezta?
M.A.: Bai. Izan ere, jendeak ez daki zer den, eta beldurra dio. Hezur-muina bizkarrezur-muinagaz nahasten da, eta galdetzen dute ea elbarri geratuko diren.

S.D.A.: Odol-emate bat da, denbora gehiagokoa. Etzanda egon beharko duzu apur batean, eta asko jota burdina emango dizute denbora batean hartzeko. Baina ez dizu fisikoki ezer suposatzen, eta aste bitan orekatzen da zure gorputza.

Emale batek gaixorik dagoen norbait salbatu dezake. Informatzeak balio itzela dauka, beraz?
S.D.A.: Ekaitzen kasuagatik emale izatera animatu ziren bi ezagutzen ditut, orain emale izateko deitu dituztenak. Ea beste pertsona batzuei aukera gehiago eman ahal diegun! Durangon egiten gabiltzanagaz norbait hiltzea saihesten gabiltza. Domekan, hitzaldiak ematera etorriko dira Gurutzetako eta Basurtuko transplante arloko arduradunak, 11:00etan eta 17:00etan.

Baina transplanteak ere ez du bizia %100ean bermatzen...
S.D.A.: Orokorrean, transplanteen ondoren hiru egoera posible daude: osatzea, gaixoa kroniko bihurtzea, edo txarrera egin eta ezer egiterik ez izatea. Baina jokatu besterik ez duzu. Hau errusiar erruleta bat da, eta jokatzen ez baduzu, leuzemiak hil egingo zaitu.

Une zailak bizi dituzue, baina domekan jaia dator...
S.D.A.: Ekaitz ez zen triste bizi, eta ez dut nahi tristea den ezer egiterik gure umearen aitzakian.

M.A.: Egongo ez direnen omenez puzgarriak aireratuko ditugu, baina maratoia jai girokoa izango da.

Zelan bizi du ama batek semea leuzemiaz gaixotzea?
M.A.: Nik neukan sentsazioa zen ez zitzaidala tokatuko. Film bat ikusten nenbilen, eta bat-batean pantaila barrura sartu nintzen. Gaixotasuna existitzen da, eta horri aurre egin behar diozu. Leuzemiarena egun batetik besterako zerbait da. Odol analisi bat da, eta ordu bian esaten dizute. Nire semea parrandan egon zen aurreko egunean, etxe aldaketa bat egin berri zegoen... Eta esaten duzu: zelan da posible? Gero, 100 egun pasatzen dituzu Galdakaon; bost aste isolatuta transplanteagatik; astero analisiak egiten; eboluzioa ikusten... Guztia zure arazo eta beldurrekin batera. Horregaz bizi behar duzu.

S.D.A.: Baina zer egin dezakezu? Bizitzeko modu bakarra daukazu, egunekoa bizitzea. Gaur eta bizi; bihar ez dakigu zer gertatuko den. Ezin duzu pentsatu umea hil egingo zaizunik. Kontziente zara zer gudutan zauden, baina ezin duzu denbora galdu. Gaur jan egin badu edo lagunekin jolastu bada, disfrutatu egiten duzu. “Ama, Nolotila emadazu jolasten jarraitzeko, baina etxera ez, e!”, esaten zidan Ekaitzek. Azkenetan, oxigeno botila bategaz ibiltzen zen, eta, jolastean, geratu behar izaten zuen, oxigenoa hartzeko. Banekien hil egingo zela, eta ezin nion poztasun hori kendu. Bestalde, animalia senagaz bizitzen da amatasuna. Lehoi batek badaki harrapari batek bere kumea hil diezaiokeela. Ama batek, ostera, normalean ez du pentsatzen bere umea hilko denik; naturaren kontrakoa da. Trintetxeretan gauden gurasoak gara: amatasuna eta aitatasuna beste era batera bizi ditugu.

Bost hilabete ere ez dira Ekaitz joan zitzaizuenetik.
S.D.A.: Ez duzu ahazten, eta pena ematen dizu. Egoera gogorra eta samina onartuta ere, umearen heriotza hunkigarria izan ahal da. Beragaz zaude, eta itzel jokatu duela esan ahal diozu, lasai joateko. Bizitzan gehien maite duzuna, zuk erditu duzuna, agurtzen zabiltza.

Leuzemiaren aurkako borrokak elkartuta, Marlenen borrokan, laguntzaile da Susana.
M.A.: Horregatik esaten dut Susana nire irakasle eta erreferentzia dela orain. Izan ere, mediku batek esaten ez dizun hori esaten dizu ama batek. Garrantzitsua da zure egoera bera pasatzen dabilen jendeagaz elkartzea. Gerrara joan direnek esaten duten moduan, guk ere badakigu zer den gerra, eta hizkuntza berbera darabilgu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!