BZK txirrindularitza taldea estreinako denboraldiari aurre egiteko prest

Anboto 2015ko urt. 5a, 14:41

Taldeko txirrindulari eta arduradunak (Argazkia: Iñigo Garatu)

Emakumeen elite mailako BZK talde berriaren aurkezpen ofiziala egin dute Iurretako udaletxean.

Aurten elite mailako hiru txirrindularitza talde euskaldun egongo dira errepidean: Bizkaia-Durango, Lointek eta bere bidea aurten hasiko duen BZK Emakumeen Bira ProBasic UCI Cycling Team.

BZK taldeko txirrindulariek eta arduradunek Iurretako udaletxean egin zuten talde berriaren aurkezpen ofiziala abenduaren 30ean. Bertan izan ziren taldea osatuko duten txirrindulariak eta Eneritz Iturriaga zuzendari abadiñarra, besteak beste. Aurkezpenak ikusmin handia eragin zuen eta udalbatzar aretoa goraino bete zen.

Hauek dira BZKren elastikoa errepidean defendatuko duten bederatzi txirrindulariak: Mar Bonnin, Naia Alzola, Eider Unanue, Aiala Amesti, Ziortza Isasi, Nahia Domínguez, Olatz Agorria, Gloria Rodríguez eta María San José.

“Maila duina eskaini eta gerra ematea” dira lehen urteko helburuak BZK taldeko Agus Ruizen esanetan: “Eta lasterketak irabazten badira, are hobeto. Anbizio handiko txirrindulariak ditugu eta dena emango dute”. Euskal taldeen artean Lointek eta Bizkaia-Durangok osatzen zuten “monopolioa haustea” ere izan da taldea sortzeko arrazoietako bat Ruizen berbetan.

Herbehereetako Itzulia, Marianne Vos klasikoa, Emakumeen Bira… dira aurtengo egutegia osatzen duten lasterketetako batzuk: “Lasterketa denak ez dira lehen-lehen mailakoak, baina denetan ere maila handiko taldeek parte hartuko dute eta guretzako erronkak izango dira”.

 

Aurkezpen ekitaldiko bideoa (Egilea: Iñigo Garatu)

BZK Emakumeen Bira ProBasic UCI Cycling Team AURKEZPENA from Iñigo Garatu on Vimeo.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!