Momentuz sei txirrindulari batu dira taldera: Olatz Agorria eubarra, Ziortza Isasi elorriarra, Aiala Amesti mallabitarra, Eider Unanue eta Naia Dominguez tolosarrak eta Mar Bonnin mallorcarra. Bonninek 24 urte ditu, eta gainerakoek 23 urtetik behera dituzte. Batzuek BZK ProBasic taldean egingo dute debuta, elite mailan.
Hain zuzen, salbuespenak egon daitezkeen arren, 23 urtez azpiko talde lez finkatzea dute helburu. Beste txirrindulari batzuekin ere negoziatzen dabil taldea. Eneritz Iturriaga txirrindulari ohi abadiñarra izango da taldeko zuzendaria, eta Humberto Gómez ordezkaria.Talde berria sortu ahal izateko adina sostengu lortu dute dagoeneko, baina oraindik beste babesle batzuekin negoziatzen dabiltzala argitu du Iturriagak: “Ahalik babesletza zabalena lortzen saiatu gura dugu. Banku birekin negoziazioak azken txanpan daude. Ea zer erabakitzen duten”. Proiektuaren gidaritzaren ardura hartzea hasieran kosta egin zitzaiola onartu du Iturriagak: “Baina orain inplikazioa erabatekoa da, eta buru-belarri gabiltza lanean”.
Trebakuntza helburu
BZK ProBasic taldearen helburu nagusia hauxe izango da: txirrindularientzat gazte mailatik eliteko talde indartsuetara gaur egun dagoen koska handia gainditzeko erdibidea izatea. Hau da, nazioartera joango dira, eta lasterketa garrantzitsuetan parte hartuko dute, Emakumeen Biran, esaterako, baina, batez ere, koska bat beheragoko lasterketetan arituko dira: “Ni hasi nintzenetik hona harrobiko lanak beherantz egin du, oro har: bizikleta gaineko teknika ez da hain ona, sufritzea kostatu egiten zaie batzutan… Hori izango da gure lana, euren trebakuntzan eragitea, egunerik egunera txirrindulari hobeak izan daitezen”.
Olatz Agorria: "Esperientzia pilatzeko aukera berri honi ezin nion ezetzik esan"
Olatz Agorriak 18 urte egingo ditu abenduan, eta elite mailako lehen denboraldia BZK ProBasic taldean egingo du.
Zelan sortu zitzaizun BZK Pro Basicen sartzeko aukera?
Orain Beste Alde taldean nabil, baina aurretik CAF Engineering taldean aritua naiz, beraz, ezagutzen ditut taldearen nondik norakoak. Eneritzegaz berba egin ostean, oso aukera ona zela iritzi nion, eta baietz
esan nien.
Zer sentzazio dituzu?
Ilusioz nago. Normalean taldeak ez dira kanpora irteten, eta lehen urtekoa baldin bazara, gutxiago. Esan digutenez, taldeak lasterketa batzuk kanpoan lehiatuko ditu; esperientzia pilatzeko aukera honi ezin nion ezetzik esan. Gainera, taldekide izango ditudan ia guztiak ezagutzen ditut. Gehienok lehen urtekoak gara, eta giro ona izango dugula uste dut
Euskal Herrian emakumeen eliteko talde gutxi daude.
Horregatik da hain albiste ona taldea sortu izana. Ate gehiago zabaltzen dizkigu.
Eneritz Iturriaga izango duzue zuzendari.
Guk biziko duguna berak urte askoan bizi izan du, esperientzia zabala du, eta hori oso ondo etorriko zaigu.