Ipuin laburren lehiaketako sari banaketa

Amaia Iraetarena izan da Durangaldeko ipuin laburrik onena, 17 urtetik gorakoen kategorian

Anboto 2014ko abe. 18a, 11:29

Amaia Iraeta Trancho durangarrak irabazi du 365ipuin lehiaketako saria, Durangaldeko 17 urtetik gorako partaideen artean. Ainhoa Urienek eman dio saria, eta bere ipuinetik abiatuta olerki bat idatzi du.

Ipuin irabazlea hau izan da: "Denetariko pertsonaia, maskara eta gidoi prestatuak teloiaz bestaldean. Antzerkiaz asperturik, logelako leihoa itxi zuen"

Hona hemen Ainhoa Urienek Plateruenean irakurri duen olerkia:

 

Zoriontasunera abaildu zara,
apalki
bizitza deitzen diogun honetara.
Logelako leihoa itxi
kortinari amorruz
tira egin diozu,
argi-izpirik ere sar ez dadin
teatro horretatik
eta zeure antzerkian
uger hasi zara.
Hil duzu kanpokoa
baliteke
bizitza izatea
hiltzen ari diren momentuak jarraitzea.
Aspertu zara
maskara desberdineko pertsonaien
gidoiak entzuteaz,
nahiago duzu
literatura esnifatu,
artearekin larrutan egin.
Baina ez zaude bakarrik
eta badakizu
zorionaren jainkosek
erregaliak exijitzen dituztela maiz,
haizea alde izatea
bizkarra zeri eman
hautatzea baita.
Tarratada batez hautsi duzu kortina
leihoa zabaldu orduko
ireki duzu ahoa
eta itotzerainoko oihu bat egin duzu,
ez duzulako
teatrorik oroitu nahi.
Zure eskuekin olgetan,
berba egiten diezu.
Hitz egingo duzu etengabe,
mintzatuz ere ahantz daitekeelako
isilduz adina.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!