Ipuin laburren lehiaketako sari banaketa

Ipuin laburren 365 lehiaketaren sari banaketa, sorkuntzaz betea

Anboto 2014ko abe. 18a, 11:09

Hiru saridunak lehenengo lerroan, eta epaimahaikideak bigarrenean.

Sorkuntzak hartu zuen protagonismo nagusia, euskarazko sorkuntza bultzatzeko, Berbaro taldeak abiaturiko ipuin laburren 365 lehiaketaren eguazteneko Platerueneko sari banaketa ekitaldian ere. Ekitaldira bertaraturiko publikoak Twitter zein posta elektronikoz jasotako 400dik gora ipuin laburren arteko lagin bat entzuteko aukera izan zuen. 140 karakteretan denetariko gaiak landu daitezkeela, eta literatura egin daitekeela erakutsi dute lehiaketan parte hartu dutenek.


Hiru partaidek jaso zituzten ipuin laburrik onenen sariak. Joxe Rojasek Twitter bidez #365ipuin traolagaz bidalitako ipuinak jaso du 100 eurok eta liburu sorta batek osatutako saria: “Esne mamitan bizi nahi zuen, baina alergia zion laktosari”. Atal horretako ipuinik onena aukeratzeko lana hartu duen Eñaut Aiartzaguena iurretarrak ipuina ilustratu du.

17 urtetik gorakoen atalean, bestalde, Amaia Iraeta durangarraren esaldia hautatu du epaia emateko ardura izan duen Ainhoa Urienek. “Denetariko pertsonaia, maskara eta gidoi prestatuak teloiaz bestaldean. Antzerkiaz asperturik, logelako leihoa itxi zuen”, testu esanguratsua idatzi zuen Amaia Iraetak. Berba horietatik abiatuta, Ainhoa Urien abadiñarrak idatziriko olerki ederraz ere gozatu ahal izan zuten sari banaketa berezira gerturaturikoek.  

14 eta 16 urte arteko parte-hartzaileen sailean, Mikel Mendibe zornotzarraren sorkuntza izan da 365 ipuin lehiaketaren lehenengo edizioan aukeratua: “Hegoak ebaki nizkion txoriari, baina korrika alde egin zuen”. Atal horretako ipuinik onena aukeratzeko lanetan ibili den Antton Uriarte elorrioko musikariak Mendibe zornotzarrak sorturiko berbak oinarri hartuta konposaturiko kanta ederra ere entzungai izan zen eguazten iluntzeko Platerueneko ekitaldian.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!