Ibai Zabalak galdetu eta Roberto García Ariñok erantzun

Anboto 2014ko ots. 21a, 10:00

Ibai Zabala eta Roberto Garcia Ariño aurrez aurre. Argazkia: Kepa Aginako
Eskuin eskuan min du, eta Ibai Zabalak ez du asteburuan jokatuko. Sendatzen den bitartean, kazetari lanetan ipini du 'Anboto'k. Roberto García Ariño Asegarceko intendentea elkarrizketatzeko proposatu, eta naturaltasun osoz eman du baietza; baita García Ariñok berak ere, elkarrizketatzailea nor zen esaterakoan. Berrizko pilotalekuan batu dira, eta pilota aukeraketetan saskian aurkituko duen materiala galderen konpromiso mailak baldintzatu dezakeela abisatu dio atxondarrak. Zabala galdezka hasi zaio, pilotaren bilakaerari, García Ariñoren pilota ibilbideari zein bere buruari buruz.

 

Gaur egun binakakoa da jenderik gehien batzen duen txapelketa. Zure sasoian buruz burukoa zen, ezta?

Bai. Buruz burukoan finalerdietatik aurrera goiz eta arratsalde egoten ziren partiduak. Partiduak goizean baziren, arratsaldeko sarrera nahitaez hartu behar zen. Eta, hala eta guztiz ere, mesedeak eskatu behar sarrreak lortzeko. Herriko eskabideak kontuan hartuta, pilotari bakoitzak ehun bat sarrera izaten zituen goiko harmailetan. Gaur egun, sarrera bat ezin liteke saldu. Orduan, pasilloetan ere jartzen zen jendea. Eta pasilloetan esertzea lortuz gero, pozik! Donostian hiru mila lagunetik gora sartu izan dira. 

 

Beraz, buruz burukoa zen txapelketa nagusia, duda barik.

Bai. Aipatu izan dute orain, beharbada, jendea ez dela jabetzen buruz burukoak duen zailtasunaz. Binakakoan piloteo gehiago dago, eta hori deigarriagoa da gaur egun.

 

Zer pilotari klase zen Roberto García Ariño?

Defentsan hobeto aritzen nintzen erasoan baino. Uste dut ez nintzela pilotari handia izan, baina saiatu egiten nintzen, eta horrek bere fruituak eman zituen. Nire aldean pilotari garrantzitsuagoak zeuden sasoi hartan, baina, zortez edo burugogorkeriaz, final askotara heldu nintzen. 

 

Zortzi finaletara heldu zinen: bost buruz buru eta hiru binaka. Gaur egun ere sinatu daiteke horrelako marka.

Sinatu daiteke, baina irabazteko. Finalak irabazteko dira.

 

Nik heltzea ere sinatuko nuke.

Galtzera ez da ohitzen. Bosgarren finala galdu ondoren, txarrago geratzen zara lehenengoan edo bigarrenean galdu ostean baino. Pentsatzen duzu: "Zer trakets klase haiz hi, ezer ez duk irabazi-eta!". Gero eta tanto gutxiagorekin uzten ninduten gainera, eta jokorik atera ezin. Oraindino pena handiagoa geratzen zaizu. 

 

Zabala Garcia Ariñori galdezkaZein atzelarirekin jokatzen zenuen gustura?

Iñaki Gorostizagaz. Gertukoa zen, beti elkarrekin entrenatzen genuen, beti brometan… Feeling handia geneukan. Orduan binaka gehien jokatzen zuena Antxon Maiz zen. Beragaz edozein pilota atera zenezakeen, ez zizun ezer esaten, eta ikaragarri jokatzen zuen pilotan. Denean zegoen. Gozamena zen beragaz jokatzea. Iñaki erabat desberdina zen. Eskuin potentea eta distiratsua zuen. Biekin hartu-eman itzela izan dut.

 

Gogoan duzun partidu berezi bat?

Buruz buru lehengoz jokatu, eta Julian Gajosi irabazi nion partidua. Gajos txapelduna zen orduan. Orduko egunkari batean, Bizkaiko kazetari batek honako hau idatzi zuen aurreko egun batean: "Dirua irabaziko du, baina bestela García Ariñok zer egin ahal izango du, bada, Garcesen aurka". Hori da laguntza! [Barre]. Eta 22-13 irabazi nuen.

 

Gogoan duzu txikia nintzenean amarekin joaten nintzela zugana, eta postalak ematen zenizkidala eta pilota jarraitzera animatzen ninduzula?

Bai, zugaz gomuta onak ditut. Gero gora heltzen zarete, eta, gainera, ingurukoak izanda, norbera ere poztu egiten da. Hemen inguruan pilotan egiten genuenean, zaletasun itzela zegoen, eta babes handia jasotzen genuen. Orain Athleticegaz gertatzen den moduan. 

 

Lehenengoz profesional batekin entrenamendu saio bat egin nuenean adierazi zenuena ondo gogoan dut: "Pilotarekin oso  enkontru ona du".

Une hartan ikusten zen zelako gogoagaz joaten zinen pilotaren bila, erraztasun handiz. Atzean Oier Zearra zenuen parez pare, ezta?

 

Bai. Baina Zearra eskutik ez zebilen ondo.

Bai, baina pilotari handia zen. Zeure buruari ez kendu meriturik. Ez zen erraza. Eskuinagaz pilo bat gozatu zenuen egun hartan, eta uste dut eskuan, takoen artean, babes gisa txapa bat zenuela, ezta? Eta, hala ere, bizi-bizi joaten zinen pilotaren bila.

 

Zertan hobetu behar dudala uste duzu?

Batez ere, atzetik kolpe gutxiago ematen, eta pilota hobeto bideratzen. Ez itxaron pilotak jan zaitzan, pilotaren enkontrua aurrerago egin. Eskopetagaz ibilia zara?

 

Sekula ez naiz ehiztaria izan.

Ni sasoi batean bai. Tiroa jarrera egokian botaz gero, bertan geratuko zara, bestela atzerantz eramango zaitu. Pilotagaz berdin. Gorputzagaz lagunduta, pilotak beste karga bat hartzen du. 

 

Iazko urrian baxu samar ibili nintzen, eskuan ere kailua… Espero zenuen nik egoera horri buelta hain arin ematea?

Ez, ez. Ez da erraza kailu batetik irtetea. Gainera, entrenamenduak bai, baina lehia beharrezkoa da apurka hobetzeko, eta ez da erraza hobetzea, partidu gutxiago izanda. Gogo asko eta aukera gutxi egoten dira.

 

Profesionaletan daramatzadan sei urteetan eman dudanagaz pozik zaude?

Pilotari bat fitxatzen denean ez da komenigarria pilotari horri helburu jakin bat ezartzea. Debuta debuta da, eta handik aurrerako ibilbidea beste kontu bat. Hori esanda, ilusionatuta egon nintzen, eta goratxoago helduko zinela uste nuen. Baina eskuetatik hainbeste arazo izan dituzu… Tartean baita ebakuntza bat ere. Nahiko meritu duzu, nahikoa burugogorra zara, bai.

 

Zelan ikusten duzu pilotaren etorkizuna?

Afizionatu mailakoa ez dut ondo ikusten, gazte gutxi dabiltza.  Profesionaletan momentu ona da zaleentzat, baina krisiagaz esperimentu gutxiago egin daitezke. Udaletxeetan-eta beste poztasun bat balego, diru gehiago esan gura dut, herri txikietara gehiagotan joateko aukera egongo litzateke. Eibarren profesionaletako partidua ez da gertaera berezi bat, baina herri txiki batean bai. Denek egiten dute berba partidu horri buruz; eta herri horretakoak badoaz, ondoko herrikoak ere joango dira. Horrek pilotarekiko zaletasuna piztu egiten du inguru osoan. 

 

Enpresen partetik ere arrisku gutxi hartzen dira gaur egun?

Bai, gaur egun galtzeko arriskua dagoelako. Partidu txikia antolatuz gero, jendea ez da pilotalekura joaten. Denek partidu handiak gura dituzte, eta handiek nahikotxo kobratzen dute. Hor dago kontua.

 

Lehen bigarren mailako pilotariek aitorpen handiagoa zuten?

Bai, eta gaur egun, aldiz, oharkabean pasatzen dira. Bigarren mailako partidu on bat jaialdiko  osagarri interesgarri moduan ikusiko du zaleak, baina partidu hori bakarrik antolatuz gero…

 

Telebistak ez ote du kalterik egin kontu horretan?

Seguruenik bai.

 

Esan gura dut, edonork pilotari bat telebistan ikusi eta zera esaten du: “ba, horrek ez du ezer jokatzen”. Kontuz! Profesionalari errespetu bat lehenengo eta behin, ezta?

Gaur egun figurei begiratzen zaie. Bigarren mailakoen kasuan, berba egiten dutenek batzuei kristoren indarra ematen diete, eta beste batzuei ez. Eta iritzi horiek erraz zabaltzen dira. Pilotari gazte bat irteten denean, egun batean esan liteke Jainkoa dela, eta handik hilabete bira esango dute ez duela ezer jokatzen. Alde horretatik dauden gorabeherak handiak dira gaur egun. Telebistatik ez da erraza pilota ondo ikustea. Jokoa urrutitik ikusten da. Orduan, egiten diren komentarioak hartzen dituzu kontuan.

 

Noizko txapel bat Bizkaira?

Saiatu beharko zarete apur bat! Zorte kontua ere bada. Iaz Pablo [Berasaluze] itxura onean egon zen, baina… Aurtengo txapelketan Asegarcen zortzitik lau pilotari bizkaitarrak dira. Bide horretan jarraituz gero, etorriko da txapela. 

 

Zer bikote ikusten duzu txapela irabazteko moduan?

Olaizolak eta Aretxabaletak bikote oso ona osatu dute lehen erdian. Baina txapelketa oso luzea da. Ondo jokatu duen beste bikote bat Irujok eta Barriolak osatutakoa da. 

 

Aimar Olaizola ala Retegi II.a?

Buruz buru Retegi, eta binaka Aimar. Aimar tematia da, eta bere ibilbidean beti hobetuz eta hobetuz joan da. Azken aldian erakutsi duen jokoa, buruz burukoa barne, itzela izan da, ez sinestekoa. Lehen, botera gehiago aritzen zen. Lesioaren ostean, beharbada, pentsatuko zuen dagoeneko ezin zuela hainbeste sufritu, eta orain beste modu batera jokatzen du. Maila horretan eta teknika horrekin jokatu egin behar da gero! Baina lan eginda heldu da maila horretara. Edozein egunetan tartetxo bat duenean, Gasteizera joaten da entrenatzera.

 

Pilotari gazteen artean, zeinek du etorkizun handiena?

Atzean, Jon Ander Albisuk. Hain erraz jokatzen du! Oraindik hobetzeko tarte handia duela iruditzen bazait ere. Aurrean, Danel Elezkanok, esaterako; uste nuena baino salto handiagoa eman du denbora gutxian. Harritu egin nau. Hain gaztea izanda duen burua harrigarria da. Oso gustura ikusten dut, eta asko pozten nau. Jokatu behar duen moduan jokatzen du, beldur barik. 

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!