Munduko Txapelketaren atarian, Lastra 23 urtez azpiko onena izan da Ispasterren

Anboto 2014ko urt. 27a, 11:45

Jonathan Lastra Ispasterko proban (Arg: Daniel Peña)
Ispasterko XXV. Ziklo-Kros Sarian 23 urtez azpiko onena izan da Jonathan Lastra Hirumet taldeko txirrindularia. Emakumeetan bigarren eta hirugarren sailkatu dira Bizkaia-Durango taldeko Lierni Lekuona eta Zaloa Trevilla.

 

Datorren asteburuan Herbeheretako Hoogerhaide herrian jokatuko den Munduko Txapelketara sasoi betean helduko da Jonathan Lastra (Hirumet taldea). Ispasterren, Euskal Txirrindularitza Federazioko 2013-2014 denboraldiko azken lasterketan, 23 urtez azpiko onena izan da eta elite mailan laugarren sailkatu da Jim Aernouts, Vinnie Braet eta Aitor Hernandezen atzetik.

 

Caja Rural taldeagaz errepidean zentratu aurretik, bere lasterketa kuttunetakoa zen Ispasterko proban lan ona egiteko gogoa zuela adierazia zuen eta helburua bete du. Asteburuko munduko txapelketan iazko 15. postua hobetu eta hamabi onenen artean sailkatzea izango du helburu.

 

Emakumeetan Bizkaia-Durangoko txirrindulariak nabarmendu dira. Olatz Odriozolaren atzetik (bicicleta.com) Lierni Lekuona eta Zaloa Trevillok podiumera igotzea lortu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!