"Nire ametsa eta helburu nagusia profesional mailara igotzea da"

Anboto 2014ko urt. 23a, 08:00

Jonathan Lastra txirrindularia Durangon
Jonathan Lastrak (20 urte, Bilbo) hainbat Espainiako Txapelketa irabazi ondoren, Munduko Txapelketan aurrenekoen artean ibiltzea du helburu. Otsailetik aurrera Caja Rural talde nafarrarekin ariko da.

 

Datorren hilabetearen hasieran Holandan izango den Munduko Ziklo-kros Txapelketan parte hartu ondoren, errepidean lehiatzen hasiko da Jonathan Lastra. Hiru urtez Hirumet taldean egindako ibilbideari amaiera eman, eta datorren hilabete bukaeratik aurrera Caja Rural talde nafarreko txirrindularia izango da. 

 

Duela bi aste Sogorben (Valentzia) jokatutako Espainiako Txapelketa irabazi zenuen. Nolako lasterketa izan zen?

Hasieratik Jon Ander Insaustik eta biok egin genuen aurrera. Lasterketako une erabakigarriena Insaustiren bizikleta aldaketa izan zen. Une horretaz baliatu nintzen bera atzean utzi eta aurrera egin ahal izateko. Ordutik aurrera erlojuaren aurkako lasterketa bat izan zen, eta helmugan 40 segundotik gorako aldea atera nion.

 

Zure helburuen artean zegoen 23 urtez azpikoen txapelketa irabaztea? 

Bai. Egia esanda, nire helburuetan ez zegoen txapelketa ez irabaztea. Lasterketan ez gailentzeak, ez luke esango denboraldi txarra egin dudanik, baina nire palmareserako puntu beltz bat izango litzateke. Hala ere, aurten lasterketara iaz baino presio gutxiagorekin joan naiz. 

Asteburu honetan Belgikan bi lasterketatan parte hartu duzu. Zelan joan dira?

Ondo joan dira, batez ere lehenengoa. Zirkuituek hemengoen antz handia izan dute, oso lokaztuta zeuden-eta. Larunbateko lasterketan, lehenengo zortzien arten irtetea lortu nuen, nahiz eta gero, lasterketak bakoitza bere lekuan jarri gintuen. Igandean, berriz, aurreko eguneko esfortzua ordaindu nuen.

 

Espainiako selekzioarekin Munduko Txapelketan parte hartuko duzu. Hautatuen artean egotea espero zenuen? 

Bai, lau urte daramatzat txapelketa hauetan parte hartzen. Denboraldia hasi zenetik nire helburu nagusia hautatuen artean egotea zen. Azken batean, denboraldiko lasterketa garrantzitsuena da. 

 

Pasa den urtean hamabosgarren sailkatu zinen. Aurten zein da zure helburu nagusia?

Asmoa postu hori hobetzea da. Lehenengo hamabien artean sartu nahiko nuke. Belgikarrak eta Holandarrak kontatuz gero, hamabi dira, beraz, beraien artean sartzea izugarria izango litzateke.  

 

Holandako zirkuitua ezagutzen  ahal duzu? 

Inoiz ez dut bertan parte hartu, baina seguru nago eguraldiak asko baldintzatuko duela lasterketa. Elurra egin eta zirkuitua izoztuta egoten bada, zaila izango da bizikleta gainean ibiltzea. Niretzako hoberena lokatza egotea izango litzateke, horrela lasterketa asko gogortuko baita. 

 

Pasa den urtean federezioak ez zizkizueten txapelketako gastuak ordaindu. Nola dago aurten kontua? 

Aurten dena ordainduko digute. Iazkoa lotsagarria izan zen. Norberak ordaindu behar izan zuen guztia, eta gero, postu ona lortuz gero, beraiek eramaten zuten merezimendu guztia. Hala ere, nik zortea eduki nuen, taldeak ordaindu baitzidan guztia. 

 

Orain dela gutxi jakin dugu Caja Rural taldera joango zarela. Nola gertatu da fitxaketa? 

Nik ez neukan aldaketarik egiteko asmorik. Baina, abendu bukaeran hizketan hasi eta akordio batera iritsi ginen. Ametsa profesional mailara igotzea da, eta ziklo-krosean kontua oso zail dagoenez, pauso hori ematea  erabaki dut. Gainera, aurrerapauso hori egiteko talde egokiena delakoan nago. 

 

Zure helburua, ziklo-krosa eta errepidea, biak egitea da? 

Nire asmoa profesionala izatea da, beraz, orain errepidean zentratu, eta ahalik eta ongien ibili nahiko nuke.

 

Beraz, orain arte ez bezala, hemendik aurrera errepideak hartuko du lehentasuna? 

Bai, aurreko urtean ez bezala,  errepideko lasterketetara presio gehiagorekin eta lehiatzeko asmoz joango naiz. Ziklo-krosarekin bukatu ondoren, atseden apur bat hartu, eta buru-belarri ekingo diot errepideko denboraldiari. Hemendik aurrera errepideko denboraldia prestatzeko bakarrik arituko naiz ziklo-krosean. 

 

Bestalde, zein izango da zure eginkizuna Caja Rural taldean? 

Oraindik ez dakit. Ez dut beraiekin berbarik egin. Ziklo-kros denboraldiarekin bukatu ondoren hitz egingo dut beraiekin. Orain, ez daukat astirik horretan pentsatzeko. Nire dohairik onena aldapa gora dagoela uste dut, igotzen ondo moldatzen naiz.

 

Noiz emango diozu bukaera ziklo-kros denboraldiari eta noiz hasiera errepidekoari? 

Aurten errepidean hasiko naizenez, otsailean bukatuko dut ziklo-kroseko denboraldia. Eta errepideko denboraldiari dagokionez, badakit denboraldia otsailaren 23an hasiko dela, baina oraindik ez dakit hasiera horretara joan beharko dudan edo ez. 

 

Asko hausnartutako erabakia izan al da taldez aldatzearena? 

Bai. Oro har, erabakiak hartzerako orduan asko pentsatzen dut. Gaur egun, txirrindularitzan gauzak oso zail daude profesionaletara pasatu ezean. Badakit pausu hori eman ezean bi urtean errepideko lasterketak bukatuko zaizkidala, beraz, aukera ezin dezaket pasatzen utzi. Gainera, Hirumet taldekoek ere nik taldez aldatu izana ondo hartu dute. Azken finean, dena dut beraiei eskertzeko: azken urte hauetan taldekoek guztiek asko irakatsi didate, eta baita lagundu ere. Beraien iritziak oso garrantzitsua izan da erabakia hartzeko.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!