Bost bertsio jasotzen dituen diskoa kaleratuko du Martxoak 31 taldeak

Anboto 2014ko urt. 21a, 13:21

Joan zen zapatuko grabazio eguneko talde argazkia
Joan zen zapatuan Martxoak 31 taldeko kideak Berrizko Estoldetan estudioan batu ziren. Taldea ez da berriro batuko eta ez dute zuzenekorik eskainiko. Egun horretan bakarrik batu dira eta beste bat zen helburua: taldearentzat modu batera edo bestera esanguratsuak izan diren bost talderen bertsioak grabatzea. Horiekin osatutako EPa martxoaren 31n salgai jartzea da helburua. Bertsioetako bat Zarama taldearen ‘Bidea eratzen’ abestiarena da eta Roberto Moso bertan izan zen ahotsak grabatzen.

 

Durangoko bonbardaketaren 70. urteurrena gogoratzeko 2007an kontzertu bakar baterako batu zirenetik (‘1937-2007’ izeneko diskoan jaso zuten zuzeneko hori) estudio baten bueltan elkartu barik zeuden Martxoak 31 taldeko kideak. Zapatuan berriro batu ziren Berrizko Estoldetan estudioan. Proiektu pertsonalago baterako batu dira oraingo honetan, egun batean bakarrik, berriro batzeko pretentsiorik barik. Taldea indarrean egon zen urteetan (1988tik 1996ra) modu batera edo bestera hurrekoak izan zituzten bost abestiren bertsioak grabatu zituzten: The Ramones taldearen Don’t go, Deskarga MPB-ren Zona muerta, The Jesus and Mary Chain-en Happy when it rains, Rolling Stones-en Out of time eta Zarama-ren Bidea eratzen.

 

‘Kamikaze Eguna’ deitu diote egun horri, bat-bateko kontua izan delako. Egun horretan bertan batu, pentsatu, diseinatu eta grabatu zituzten abestiak. Ohiko boskoteak (Juanan Hernández, Alberto Gallego, Andoni Ruiz, Iokin Elortza eta Iban Gorriti) hainbat taldetako kideen kolaborazioa izan zuen abesti horiek grabatzeko: Zarama taldeko Roberto Moso, Zebel taldeko Sergio Quero eta Jo Keen, Tanga Opilak taldeko Ajo Ramone eta Tres41 taldeko Mikel ‘Puro’. Betagarri taldeko Aitor Agirre aritu zen teknikari. Iban Gorriti taldekideak aurreratu duenez, Furgo Wagen Recordings-en bitartez landu eta jasoko ditu abestiak eta “helburua martxoaren 31an salgai ipintzea da”.

 

Roberto Moso: “Oso gustuko izan dudan taldea da”

 

Zarama taldeko Roberto Mosok berehala eman zion baietza Martxoak 31koek egindako proposamenari: “Aspaldiko ezagunak ditut eta beti oso gustuko izan dudan taldea da, horregatik eman diet baietza”, adierazi zuen grabaketa egunean bertan, Berrizen. Behin elkarrekin jo zutela ere gogoan du; Iurretan izan zen: “Beti iruditu zait merezi zutena baino sona eta ibilera laburragoa izan duen taldea izan zela”.

 

Bost bertsioen erradiografia

 

Grabatutako bertsio bakoitzak bere esangura du. Talde ezagunen abesti ez hain ezagunak aukeratu dituzte. Iban Gorritik aukeratutako abestien zergaitia azaldu du:

 

- The Ramones-en ‘Don’t go’: “Beti gustatu izan zaigun taldea da. Lokalean jo izan dugun abestia da MPB taldeko Mikel Solagurenekin batera. 1990 edo izango zen. Orduan Mikeli esan nion egunen baten elkarrekin bertsioa grabatuko genuela. Zapatuan ezin izan zuen etorri, baina beste egunen baten geratzen saiatuko gara”.

 

- MPB-ren ‘Zona muerta’: “Andoni Ruiz Martxoak 31ko bateria jolea, talde horretako abeslaria izan zen. Durangaldeko talde mitikoa da”.

 

- Zaramaren ‘Bidea Eratzen’: “Euskarazko abesti bakarra da eta zuzenean jo izan dugu. Diskoa irekiko duen abestia izango da”. Abestia aukeratzerakoan asmatu dutela dirudi. Izan ere, Roberto Mosoren esanetan, “Zaramaren abestirik gustokoenak zerrendatzeko eskatzen didatenean abesti hau beti dago nire zerrendan eta denetatik bakar bat aukeratu behar banu abesti horixe aukeratuko nuke”.

 

- The Rolling Stones-en ‘Out of time’: “Beti oso gustuko izan dudan abestia da. Ramones taldeak badu bertsio bat punk estilora eramandakoa. Gurea bertsio akustikoa izango da”.

 

- The Jesus and Mary Chain-en ‘Happy when it rains’: “Zuzenean jo izan dugun abestia da. After punk estiloan kokatu izan den taldea da. Guk bertsio ‘ramonianoa’ egin dugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!