Esku pilotan Bizkaiko herri arteko txapelketa lehiatuko duten Durango, Berriz, Iurreta, Mallabia eta Atxondok egokitzen zaien lehenengo kanporaketa gainditzea dute helburu nagusia. Zestan Durango izango dugu ordezkari bakarra.
Uzten dieten arte. Horrela laburbildu daiteke Durangaldeko bost ordezkariek aurtengo herri artekorako dituzten helburuak. Esku pilotan \'ez dira betiko sasoirik onenak \' Durangaldearentzat. Bizkaia mailan erreferente ziren urteak atzean geratu dira. Aurten ere lan duina egitea dute helburu guzti-guztiek, baina pilota eskoletako ordezkari batek ere ez du txapelketa irabazteko edo finalera heltzeko aukerarik ikusten.
Durangok eta Berrizek joan zen astean hasi zuten txapelketa; Mallabiak eta Iurretak bigarren kanporaketan ekingo diote eta Atxondok hirugarrenean, final zortzirenetan. Lehenengo kanporaketa gainditzeko esperantza handiak dituzte denek, baina hurrengoetan egokituko zaizkien arerioak gainditzea oso zaila izango dela onartu dute.Hona banan-banan herri bakoitzaren gaineko informazioa:
DURANGO
Behe-behetik hasi dute txapelketa. Joan zen asteburuan, joaneko jardunaldian, 0-3 menderatu zuten Etxebarria (Kadeteetan: 15-22; Gazteetan: 0-22; nagusietan: 8-22). Gaur, 19:00etan, kanporaketako itzuliko neurketak jokatuko dituzte Durangoko Ezkurdi Jai-Alai pilotalekuan. Etxebarrik ez du gazte mailako bikoterik, beraz maila horretako partidu biak durangarrentzako dira. Ondorioz, Durango sailkatuta dago dagoeneko, kanporaketan jokoan dauden sei puntuetatik lau batuta dituztelako.
Apirilaren 29an hasiko den bigarren kanporaketan Sestao izango dute aurrez aurre eta horiek “lan zailak dira” Edu de Zabala Durangoko pilota eskolako ordezkariaren esanetan: “Oso bikote indartsuak dituzte. Guk nagusietan dugu bikoterik indartsuena. Dugun dena emango dugu, baina aurrera egitea oso zaila izango da”.
Durangoko bikoteak:
Nagusiak: Iker Gardoki – Jon Aranburu
Gazteak: Gaizka Baglietto – Mikel Gutierrez
Kadeteak: Andoni Gonzalez – Edu de Zabala
Zestan sei herrik parte hartuko dute eta Durango izango dugu ordezkari bakarra. Lehen kanporaketan Gernika izango du arerio. Zestako finalak Durangoko Ezkurdi Jai-Alain jokatuko dira maiatzaren 27an.
BERRIZ
Bertan 1-2 irabazita, Bilbo kanporatzeko aukera handiak ditu. Aurrera begira, Berrizek nagusietan du bikoterik indartsuena, Asier Berasaluze edo Gotzon Urkijo lako pilotariekin. Beraz, Bilbo kanporatu eta Ortuellaren aurka lehiatzen badute, irabazteko aukerak izan ditzakete. Nagusietan duten abantaila, ordea, gazteetan galtzen dute: Peru Angiozar eskuko minagaz dabil eta joan zen astean larri amaitu zuen Bilboren kontrako partidua: "Txapelketa amaitzean denboraldi baterako geratu egin beharko du; txalo egitean ere mina du orain, justu dago", adierazi du Eneko Campo Berrizko pilota eskolako ordezkariak. Beraz, kadeteen partiduan egon daiteke gakoa.
Ortuella kanporatuz gero, Zaratamo lukete zain hurrengo errondan. Orduan ere kadeteen neurketak berebiziko garrantzia hartuko luke. Izan ere, nagusietan Berrizek irabazi dezakeela esatea ez da gehiegikeria, baina gazteetan ez lukete aukerarik, Danel Elezkano tartean dela eta Angiozarrek eskua minduta duela: "Ez dut uste oso urrun heltzeko aukerarik dugunik herri artekoan, baina hori ere ez da helburua. Gazteei jokatzeko aukera eman nahi diegu. Txapelketa gustagarria da, denek jokatu nahi izaten dute".
Berrizek finalak jokatuta ditu herri arteakoan, baina ez du txapelketa irabaztea inoiz lortu.
Berrizko bikoteak:
Nagusiak: Asier Berasaluze, Mikel Loidi, Eneko Perosanz, Gotzon Urkijo eta Aitor Alberdi
Gazteak: Peru Angiozar - Edorta Otero
Kadeteak: Paul Arberas - Sergio Martinez
IURRETA
Iurretak bigarren kanporaketan ekingo dio txapelketari. Kanporaketa hori eta hurrengoa gainditu eta “final laurdenetara heltzea dugu helburu”, adierazi du Valen Calleja iurretarrak. Seguruenik Dimaren kontra jokatu dute hilaren 29an (Dimak 2-1 irabazi zion Balmasedari; itzulikoak gaur jokatuko dituzte). Gazteen zein nagusien mailetan “bikote indartsuak” dituztela onartzen du Callejak, baina “gainditu ditzakegula uste dut”. Hurrengoan, Usansolo egokitu zaie eta kanporaketa horretan ere “irabazteko aukerak” ikusten ditu.
Ondoren datoz komeriak; final zortzirenetan Danel Elezkanoren Zaratamo izango lukete parez pare; ondorioz, gazteetako partiduak irabaztea ia ezinezkoa litzateke. Baina badago esperantzarako datu bat: otsailean, ‘Berria’ pilota txapelketan Elezkanoren aurka jokatzea egokitu zitzaion Iurretari eta, azkenean galdu egin zuten arren, ikaragarri sufritu arazi zioten.
Iurretako bikoteak:
Nagusiak: Manex Solozabal – Unai Badiola
Gazteak: Mikel Bereinkua – Iker Larrazabal
Kadeteak: Gorka Otadui – Eneko Calleja
MALLABIA
Iurretak legez, bigarren kanporaketan sartuko dira lehiara. Gallartaren edo Basauriren kontra jokatuko dute. Basauri nahiko berria da herri artekoan, baina joanekoan 2-1 menderatu zuten Gallarta. Gazteetan ez zuten bikoterik aurkeztu. Bata zein bestea sailkatu “gainditzeko kanporaketa” dela uste du Carlos Garcia pilota eskolako arduradunak. Hurrengo kanporaketan Zornotza dute zain: “Azken urteetan Zornotzako pilota eskola oso lan ona egiten ari dela uste dut. Gazteetan maila handiko bikotea dute. Nagusietan eta kadeteetan, berriz, partidu borrokatuak aurreikusten ditut”.
Iurretarentzat Zaratamo aldapa handiegia izan daitekeen moduan, Mallabiak Markinaren kontra esan diezaioke agur txapelketari: “Oso indartsuak dira. Nahi izanez gero maila itzeleko hiru bikote atera ditzakete kadeteetan. Gazte mailako bikotea ere indartsua da. Sekula ez da jakiten, baina eurak dira faborito”.
Mallabiak oraindik nagusietako bikotea bakarrik du erabakita (Ander Olalde – Andoni Aldape). Kadete eta gazte mailetako bikoteak datorren astean zehar osatuko dituzte.
Mallabiak palmares oparoa du herri artekoan: txapelketa hiru bider irabazi du eta beste hirutan txapeldunorde geratu da.
ATXONDO
Mailakako txapelketan ondoen kokatuta dagoen herria da Atxondo. Iaz lan bikaina osatu ostean (Usansolok kanporatu zituen) final zortzirenetan ekingo diote txapelketari. Lehenengo kanporaketa (Arrankudiagaren kontrakoa, seguruenik) gainditzeko aukerak dituzte, baina final laurdenetan Gernika aurkituko dute: Bizkaiko Herri Arteko Txapelketako iazko txapelduna da eta aurten ere faborito nagusien zerrendan dago: “Pausuz pausu joango gara. Lehenengo kanporaketa gainditzea dugu helburu. Gernika beste kontu bat izango da”, dio Oier Jaio pilota eskolako kideak.
Atxondok ere palmares dotorea du herri artekoan. 1970ean, txapelketa lehenengoz antolatu zuten urtean, txapeldunorde izan ziren eta, hurrengo urtean, 1971n, txapeldun geratu ziren. Beste txapeldunordetza bi ere badituzte: 1979an eta 1982an lortutakoak.
Atxondoko bikoteak:
Nagusiak: Bost pilotari dituzte bikote bat osatzeko (Mikel Kano, Arkaitz Gerrikabeitia, Joseba Pujana, Oier Jaio eta Angel Zuheros)
Gazteak: Julen Martinez - Arkaitz Diez
Kadeteak: Renato Nuñez – Jon Bernas