Itsaskirriaren erdian, esperantzarako taldea

Anboto 2012ko mar. 1a, 17:29

Hainbeste talde eta proba desagertzekotan diren sasoian, Cafés Baquék 34. denboraldia egingo du errepidean

Errepidean izango dira, eta ez da gutxi azken aspaldian txirrindularitzaren inguruan entzuten direnak entzunda. Cafés Baquék txirrindulari taldeak 34. urtez lehiatuko du aurten. Atzo aurkeztu zuten 23 urtez azpiko taldea.

 

Guztira, 12 txirrindulari daude hainbat adin eta deneriko esperientziadunak. Horietako bat 20 urteko Jon Gonzalez amorebieta-etxanoarra da; aurten hirugarren denboraldia du taldean.


Aurtengo staff teknikoa Ruben Gorospek —bederatzigarren denboraldia izango du— Marino Lejarretak eta Joseba Belokiren tokia hartuko duen Alberto Leanizbarrutia txirrindulari ohiak osatuko dute. Belokik urtebeete iraun du zuzendari laguntzaile lanetan; beste konpromiso laboral batzuk medio, taldea utzi beharrean aurkitu da. Leanizbarrutiaren esanetan, “gaztez osaturiko proiektu honetan bakoitzak barruan daroan onena atera dezan saiatuko gara”. Postuak gomuta onak dakarzkiola ere onartu du berriztarrak, Cafés Baqué taldeko txirrindularia izan baitzen orain dela 30 urte.


Hasiera ona


Ruben Gorospek aurtengo helburuak laburbildu ditu: “Hainbeste talde indartsuren artean, postu onak lortzea dugu helburu. Jakina, aukera dugunetan garaipena ere bilatuko dugu”. Joan zen asteburuan ekin zioten Euskaldun Torneoari eta   Zumaiako lehenengo lasterketan zortzigarren amaitu zuen Cafés Baqué taldeko Jon Quintanillak.


Jon Gonzalezek lehenengo sasoi puntu egokia hartu beharko du, belauneko lesio batek sei hilabetez lehia ofizialetik kanpora eduki duelako.

 

\"\"

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!