Eguerdian Amorebita-Etxanotik Mallabirantz joango da; arratsaldean Elorriotik sartuko da.
Zapatuan Espainiako Itzuliko azken aurreko etapa, Bilbon hasi eta Gasteizen amaitzen dena, birritan igaroko da Durangaldetik. 13:15 inguruan Amorebieta-Etxanora helduko dira txirrindulariak; handik Iurreta, Durango (13:34 inguru), Abadiño, Berriz eta Zaldibar (13:45) igaro eta Areito gainetik Eibarreruntz joango dira.
Arratsaldean, berriz, Arrasatetik sartuko da etapa eskualdean; Kanpazar jaitsi eta Elorrio (16:00 inguruan), Atxondo, Abadiño, Durango eta Mañaria (16:20) zeharkatuko dituzte Urkiolan gora hasi aurretik. 185 kilometro dituen etapa Gasteizen amaituko da 17:40an.
Elorrion lasterketa “herrigunetik pasatzea aurreikusita zegoen, baina azkenean saihesbidetik igaroko da”, argitu du Ana Otadui alkateak. Ferixa Nausikoak izanik jai gunetik igaroko litzake itzulia eta horregaitik aldatu dute ibilbidea. Durangon, aldiz, herrigunera sartuko dira. Larrasoloetatik eta Zumar kaletik igaro, Arriluzeatik jaitsi eta handik Mañariarako sahiesbidea hartuko dute.
ESAITen aldarrikapena
ESAITek —Euskal selekzioaren aldeko iritzi taldeak— dei egin die zaleei Urkiolako mendatean “Euskal Herria Nazioa denaren mezua zabaldu” dezaten. Joan zen larunbatean ESAITek antolatutako bizikleta martxa eskualdetik igaro zen. Itzuliaren ibilbidea kontrako norabidean egin zuten “txirrindularitzaren alde eta inposizioen kontra”.