Bideografik enpresa durangarrak dokumentala egingo du bidaiko irudi eta testigantzekin.
Alex Txikon eta Ernesto Ezpeleta “Bihurri” buru dituztela, atzo abiatu zen Umpro K2 espedizioa; Txikon eta “Bihurri” ez eze, Xabier Erro eta Bideografikeko bi kidek osatzen dute espedizioa.
Guztira, 7.000 kilometro egingo dituzte Pakistanera heldu arte; Gernikatik abiatu da espedizioa, furgoneta batean. Pakistanera bidean, aizkoragaz hiru erakustaldi egingo ditu Bihurrik; Innsbrucken (Austria) izango da bat, beste bat Teheranen (Iran) eta azkena Skardun (Pakistan). Behin Pakistanera helduta, Erro, Bihurri eta Bideografikeko kideak Euskal Herrira itzuliko dira; Txikon, ostera, K2 mendia igotzen saiatuko da. Bidaian grabaturiko irudiekin eta jasotako testigantzekin, dokumentala egingo du Bideografik enpresak.