Durangaldeko Udalek eta hainbat mendi talde eta Hipika elkartek mendi ibilbideak zaindu eta mantentzeko helburuagaz hitzarmena sinatuko dute. Urkiola Landa Garapenerako Elkartearen ekimenez adostu dute apirilaren 15ean sinatuko duten elkarlanerako hitzarmen hori
Durangaldeko Udalek eta hainbat mendi talde eta Hipika elkartek mendi ibilbideak zaindu eta mantentzeko helburuagaz hitzarmena sinatuko dute. Urkiola Landa Garapenerako Elkartearen ekimenez adostu dute apirilaren 15ean sinatuko duten elkarlanerako hitzarmen hori.
Urkiola Landa Garapena Elkartearen egoitzan (Margarita Maturana 7, Berriz) egingo dute sinatze ekitaldia. Erakunde publiko eta pribatu horiek helburu hori lortzeko \"borondatea\" eta \"konpromisoa\" agertuko dute sinatze-ekitaldi horretan eta hitzarmenaren nondik norakoak ere azalduko dituzte.
Alpino Tabira, Asuntze mendi taldea, Zaldai mendi taldea, Urkiola Landa Garapen Elkartea eta Abadiño, Atxondo, Zornotza, Berriz, Elorrio, Garai, Izurtza, Mañaria, Mallabia, Zaldibar eta Durangoko udalak dira, barikuan, lankidetza hitzarmena sinatuko dutenak.
Durangoko sozialistek \"pozik\" hartu dute berria
Durangoko Pilar Rios zinegotzi sozialistak jakin eragin duenez \"sinatzaile bakoitzaren, udal, mendi zein hipika talde eta Urkiola Landa Garapen Elkartearen funtzioak eta erantzukizuna zehazten duen hitzarmena aurkeztu zaigu behingoz\".
Riosek gogoratu duenez, iazko irailean, Mikeldi Ibilbide Luzea \"egoera onean\" mantentzea bermatzeko sozialistek aurkeztutako mozioa onartu zuen Durangoko Udalak, ahobatez. \"Durangaldea eta Zornotza inguratzen dituen Mikeldi ibilbideak landareriaren eraginez zeukan desagertzeko arriskuagatik aurkeztu genuen, Alpino Tabira mendi taldeak behin eta berriro ibilbide horren egoera txarragaitik agertutako ardura aintzat hartu ondoren\". Dioetenez, \"gure lurralde historikoaren bihotzetik doan ibilbide zirkular batetaz ari gara, Europako ibilbide sarearen baitan homologatua dagoena, ganera\".
Mozioak Mikeldi Ibilbi Luzean mendi-ibiliak egiteko \"garbitasun eta baldintza egokiak\" mantentzera dei egiten zen mozio horretan, Riosek jakin eragin duenez. Baita urteko mantenu eta sustapen egutegi bat adostera ere; hori Bizkaiko Aldundiagaz eta ibilbide horrek zeharkatzen dituen herrietako udalekin lotutako hitzarmen bategaz adostua izatea proposatu zuten. Baita Euskal Mendi Federazioagaz eta Durangaldeko taldeekin ere.
Mozio horrekin bat datoz, Ogasun batzordean aurkeztu den hitzarmen horren helburu biak, zinegotzi sozialistaren ustetan: \"Durangaldeko ibilbideen seinaleztapen egokia mantentzea, batetik, eta, bestetik, ibilbideen erabilera sustatu eta ezagutuaraztea. Izan ere, erabilpena da ibilbide horien mantenimentu eta kontserbaziorako neurri eraginkorrena\".