Eskualdeko bost herri lehian, asteburuan hasiko den herri artekoan

Anboto 2010ko api. 12a, 14:13

Abadiño, Iurreta, Atxondo eta Berrizek asteburuan ekingo diote esku-pilotan herri artekoari. Durango bigarren fasean sartuko da lehian. Zesta puntan ere parte hartuko du Durangok.

Abadiño, Iurreta, Atxondo eta Berrizek asteburuan ekingo diote esku-pilotan herri artekoari. Durango bigarren fasean sartuko da lehian. Zesta puntan ere parte hartuko du Durangok. 41. Bizkaiko Herri Arteko Pilota txapelketari asteburu honetan ekingo zaio. Urtero legez, kanporaketa sistemaren bidez jokatuko dute (joaneko eta itzulerako neurketak egongo dira) kadeteen, gazteen eta nagusien mailan. Abadiñok Gallartaren kontra jokatuko du eta lehenengo partiduak etxean jokatuko dituzte. Kanporaketaren irabazlea zuzenean final zortzirenetarako sailkatuko da eta Galdakoren kontra jokatuko du. Iurretari Lekeitioren kontra lehiatzea egokitu zaio. Joanekoak Iurretan jokatuko dituzte eta kanporaketaren irabazleak Bermeo zain izango du final hamaseirenetan. Berrizek ere lehenengo partiduak etxean jokatuko ditu Bilbaoren aurka. Aurrera egiten duenak Zaratamoren kontra jokatuko du final zortzirenetan. Txapelketa behe-behetik hasiko duen eskualdeko azkenengo ordezkaria Atxondo da. Lemoan jokatu dituzte joanekoak. Kanporaketan gailentzen denak Igorre aurkituko du final hamaseirenetan. Durangok txapelketari final hamaseirenetan ekiteko eskubidea irabazi zuen iaz. Santurtziren eta Getxoren arteko parekatzetik irtengo da Durangoren arerioa. Guztira 36 herritako pilota eskola lehiatuko dira, iaz baino bat gehiago. Mallabiak aurten ez du herri artekoan parte hartuko, ezta Arrigorriagak ere. Aldiz, txapelketan ariko dira Berango, Santurtzi eta Munitibar. Finalak ekainaren 27an jokatuko dituzte, oraindik erabaki gabe dagoen Uribe-Kostako herri batean.

Zestan Durango

Zestan sei herri ibiliko dira eta tartean da Durango. Gainerako bostak Markina, Berriatua, Lekeitio, Getxo eta Gernika dira. Durangok Getxoren kontra jokatuko du. Finala Durangon jokatuko dute maiatzaren 29an, Pilotagazte jaiaren barruan. Azkenik, palan hamar herri lehiatuko dira eta eskualdeak ez du ordezkaririk.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!