Zapatu honetan Durangaldeko Kopako bigarren lasterketa jokatuko da, Berrizen: Amaraune mendi lasterketa. Aurtengoa bosgarren edizioa da eta dortsalak ia agortuta daude. Lasterketa laburrean 150 parte hartzaile izango dira, eta luzean 146. Beraz, lasterketak ia 300 korrikalari batuko ditu. "Aurten ere oso pozik gaude lasterketak izandako harreragaz. Gainera, oso korrikalari onek eman dute izena eta ezinezkoa da faboritoren baten izena ematea", azaldu dute antolatzaileek.
Ibilbideari dagokionez, proba luzeak 21,5 kilometro eta 1.150 metroko desnibel positiboa du. Korrikalariak 09:00etan irtengo dira Elizondo plazatik, eta, San Kristobal Txikitik, Oizera igo beharko dute. Parte hartzaileek hiru tontor igo beharko dituzte, guztira: Oiz, Sarrimendi eta Gaztelumendi. Ondoren, Berriz izango dute helmuga. "Oso lasterketa arina da, korrika asko egitekoa. Hori bai, kontuan izan behar da desnibelik gehiena lehenengo zortzi kilometroetan dagoela, hau da, lehenengo igoeran. Ondorengo jaitsiera oso bizkorra da, baina zertxobait gordetzea komeni da, azkenean Sarrimendirako igoera dago eta", esan dute antolatzaileek. Bestalde, lasterketa laburrekoak 09:30ean abiatuko dira. Horiek 12 kilometroko ibilbidea egin beharko dute eta 500 metroko desnibelari egin beharko diote aurre. "Lasterketa laburra sinpleagoa da, Sarrimendira igo eta jaitsi. Beraz, hau oso arin egiteko proba da", gaineratu dute antolatzaileek.
Ibilbideaz gainera, korrikalariek eguraldia ere kontuan hartu beharko dute, bero handia dago iragarrita eta.