"Min ematen digu. Haserretu egiten gaitu. Nekatuta gaude. Nazkatuta gaude gu hiltzen, zauritzen eta beldurtzen jarraitzen duzuelako. Ez dugu onartzen, ezta onartuko ere, emakumeen aurkako indarkeriarik. Biktimari gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu. Ez zaude bakarrik", esan dute. Halaber, Berrizko erasoaz gainera, Basauriko hilketa matxista ere gogoratu dute.
Protesta giroaz harago, baina, Berrizko mugimendu feministak ardurak hartzera deitu du indarkeria matxistaren aurrean: "Gaur hemen gaude ez bakarrik salatzeko, baizik eta ardura kolektiboa aldarrikatzeko ere. Indarkeria matxistaren aurkako borroka guztion ardura da. Beharrezkoa da guztiok gure jarrerak berrikustea, gure egunerokoan dauden jokabide matxistak identifikatzea eta horiei aurre egitea".
Mobilizazio jendetsua
Manifestazioak udaletxean behera egin du Olakuetako plazara ailegatu arte. Bidean, lapiko-zaratak, txistuak eta oihuak bota dituzte manifestariek. Berrizko mugimendu feministako kideek eraman dute pankarta, eta atzetik egin dute bidean aurrera herrikideek zein eskualdetik bertaraturiko herritarrek. Tartean izan dira Berrizko alkatea, udal ordezkariak eta eskualdeko udalerrietako ordezkari politikoak.
