Manifestazioa Berrizen, eraso matxista larria salatzeko

E.H. 2026ko apirilaren 7a

Mobilizazio zaratatsua izango da. Manifestazio buruak 18:30ean irtengo du udaletxe paretik. Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du.

Berrizko mugimendu feministak manifestazio zaratatsua antolatu du atzoko eraso matxista larria salatzeko. "Haserre" eta "saminduta" daudela aitortu dute, eta "halako eraso larriak oraindik gertatzen jarraitzeak amorrua" sortzen diela gaineratu: "Ez dugu onartzen, ezta onartuko ere, emakumeen aurkako indarkeriaren inolako adierazpenik", adierazi dute sare sozialetan zabaldutako oharrean. 

Arratsalde honetako mobilizazioak 18:30ean irtengo du udaletxetik. Herritar guztiak deitu dituzte gertatutakoaren aurrean "irmo eta batera" erantzutera. Era berean, Berrizko mugimendu feministak babesa, hurbiltasuna eta elkartasuna adierazi dizkio biktimari, eta prestutasuna agertu du hari behar duen guztian laguntzeko.

Udalaren adierazpena

Berrizko Udaleko alderdi politikoek "irmotasunez" gaitzetsi dute erasoa, eta adierazpen instituzionala kaleratu. Batetik, "elkartasun osoa" adierazi diote biktimari, eta hura "lehenbailehen sendatu dadila desiratu" dute. Bestetik, gogorarazi dute indarkeria matxistak larritasunez urratzen dituela giza eskubideak, eta indarkeria jasaten duten emakumeen duintasunari eta osotasun fisikoari eta moralari eraso egiten diola. Hori dela eta, Berrizko Udalak neurriak bultzatuko ditu udal-erakundeek eta herritarrek berehalako erantzunak eman ditzaten, biktimari lehentasunezko arreta eskaintzeko, prebentzio-jarduketak garatzeko eta erasotzaileen gizarte-zigorgabetasuna ez onartzeko.  

Era berean, udalak herritarrak deitu ditu emakumeen kontrako indarkerien aurrean gaitzespena aktiboki erakustera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!