Berrizko pentsiodunek hainbat mobilizazio egin zuten iaz, Osakidetzari herriko kontsultategian hiru sendagile berma zitzala eskatzeko. Auzia urrian amaitu zen, Osakidetzak hiru mediku bermatuko zituela esandakoan. Alabaina, oraintsu, orduko hartatik urtebetera, hautsak atzera ere harrotu direla dirudi: "Ondo hasi zen kontua. Hiru mediku bermatu zizkiguten, baina arreta okertzen joan da ordutik hona, apurka-apurka. Batzuetan, hiru mediku bai, baina euretariko bat ordu pare batez baino ez. Beste batzuetan, mediku bakarra, eta beste hainbatetan ez da bat bera ere egon", kexatu dira Berrizko pentsiodunak. Hori dela eta, mobilizazioei berrekin diete. Astelehenean batu ziren, anbulatorio aurrean, eta bertan batuko dira aurrerantzean ere, astelehenero, 12:15ean.
"[Politikariek] berba handiak dituzte ahotan, bai, baina gero ez dute esandakoa betetzen, herri txikietan. Telefono bidezko kontsultak egiten dizkigute, astebete baino gehiagoko itxaronaldiak ditugu medikua aurrez aurre ikusi arte", kexatu dira. Halaber, Durangaldeko pentsiodunak berriro ere auziari heltzeko "antolatzen" hasi direla esan dute berrizkoek.