"Gaztetako unibertso hura fikziora eraman dut"

Anboto 2024ko abe. 2a, 16:22

Miren Amurizaren Pleibak liburuak 2000ko hamarkadan lagun egindako neska gazte biren artekoak ditut ardatz.  Bestalde, Anastisini Zirkua ipuin ilustratua ere aurkeztuko du Malen Amenabarregaz batera Durangoko Azokan.

Zer da 'Pleibak'? Zelan sortu zen?
Guk umezaro guztia pasatu genuen play-back egiten eta entseatzen; kantak ipini eta dantzan egiten genuen. Hortik izenburua, esaten den moduan idatzita. Zer edo zeri buruz idatzi jakin baino lehenago, ahozko erregistrotik ahalik eta hurren egongo zen hizkuntza kodigo baten bilaketa nerabilen buruan, kasu honetan nerabeekin bat egingo duena. Horretara hurbiltzeko, hizkuntza zikintzeko eta apurtzeko moduen bila nenbilen. Hori buruan nuela hasi nintzen istorio baten bila, pertsonaien bila. Erregistro linguistiko bat gehiago proposatu gura nuen, ahozkotik hurbil dagoen erregistro literarioa. Musika horren bila sortu zen Pleibak.

Basa (2019) eleberrian zaintza eta zahartzea hartu zenituen berbagai. Orain, nerabezaroan murgildu zara. 
Istorio desberdin bi dira, baina mundu berean kabitu litezkeenak. Pleibak-en neska bi dira protagonista, eta bereziki bat baserri mundutik dator. Unibertso hori hor dago, baina beste begi batzuetatik ikusita. Kontrastean kalea ere oso presente dago: lokalak, gaztetxea, txosnak, tabernak... Pleibak nerabe paisaia rural-poligoneroan girotutako lagun biren istorioa da, elkarrengandik oso hurrean eta oso bizimodu estua egitetik zelan hasten den bakoitza bere bizimodua egiten. Lagun arteko haustura bat kontatzen du, hortxe dago ipinita fokua.

Sasoi baten erretratua dela esan daiteke, belaunaldi bat ordezkatzen duten erreferentzia askogaz.
Nire asmoa ez da izan belaunaldi baten argazkia egitea, istorioa ahalik eta ondoen girotzea baino. Kontakizuna 2000ko hamarkadan girotzen ahalegindu naiz, eta hor telebistan ikusten genuena sartzen da, sasoi hartan entzuten genuena, jaten eta edaten genuena... Pop kulturako erreferentzia asko ere badaude, apropos sarturikoak. Su Ta Gar aipatzen da, baina Chenoa ere bai; Katamalo dago, baina Operación Triunfo ere bai. Izan ere, euskal kulturatik asko jan dugu, baina baita beste kultura batzuetatik ere. Kontakizuna Berrizen dago kokatuta; gure gaztetako unibertso hura eraman dut fikziora.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!