Berrizko Ziklo-kros Sari Nagusiak 13.aldia egingo du domeka goizean, Berriz Bizikletari Elkarteak —udalaren laguntzarekin— antolatuta. Iaz ezin izan zuten antolatu "akats administratibo" bat medio, gaurko aurkezpenean argitu dutenez, baina aurten betiko martxan itzuliko dira.
Mailaz-maila, 320 bat ziklista batzea itxaroten dute antolatzaileek. "Kontuan hartzeko kopurua da asteburuan Espainiako Kopako lasterketa bi daudela kontuan hartuta", adierazi du Berriz Bizikletari elkarteko kidea den Roberto Gomezek.
Euskadiko Txirrindularitza Federazioko ranking-aren eta Bizkaiko Koparen barruko lasterketa denez, maila oneko ziklistak etorriko dira. Emakumeetan Naia Arregi berriztarra faboritoen artean dago; baita Laida Hierro durangarra ere, oraindik gazte adina duen arren. Gizonetan Aitor Hernandez da faborito nagusia. Ermuarrak Zornotzako eta Elorrioko ziklo-krosak irabazi ditu eta sasoi betean hasi du denboraldia. Iñigo Gomez —2021eko irabazlea—, Eneko Olveira, Asier Arregi eta Dario Silvestre izango ditu aurkari nagusiak.
2,8 kilometroko zirkuitua azken urteetako berdina da, Berrizburu eta Iñaki Lejarreta ibilbidearen inguruan.
Orlan Isoird alkateak ziklo-krosak herrian duen "garrantzia" azpimarratu eta Berrizko proban sortzen den "giroa" nabarmendu ditu.
Zapatuan, umeak protagonista
Aurten ez da Txiki Koparik egongo Berrizen, 2021ean eta 2022an moduan. Bizkaiko Txirrindularitza Federazioak egun berean Usansolon egingo den ziklo-krosera eramango du umeei begirako ekimen arrakastatsua. Txandakako sistemaren barruan, datorren urtean Berrizen txanda izango da berriro.
Horren ordez, aurreko egunean, zapatuan, umeei begirako ate irekien jardunaldia antolatuko du Durangaldeko Bizikleta Eskolak. 15:30ean hasiko da ekimena eta haur-kategoriara arteko umeei bideratuta dago.
AZAROAK 16, LARUNBATA - UMEEN ZIKLO-KROSA
- 15:30-16:30 Txikien taldea CX zirkuituan. Nagusien taldea ginkanan eta puzgarrietan.
- 16:30-17:30 Nagusien taldea CX zirkuituan. Umeak ginkanan eta puzgarrietan.
AZAROAK 17, DOMEKA - NAGUSIEN ZIKLO-KROSA
- 10:00 Master 40/50/60.
- 11:00 Kadeteak, neskak eta mutilak.
- 12:00 Emakumeen Opena. Juniorrak, neskak eta mutilak.
- 13:00 Gizonen Opena eta Master 30 kategoria.
- 14:00 Sari banaketa.