Jon Berasaluze durangarrak eta Ander Zorrakin elorriarrak ortugintza ekologikotik bizitzeko proiektua hasi dute

Ekaitz Herrera 2023ko mar. 21a, 15:14

Berrizen kokatutako lursail batean 3 urteko proiektua garatuko dute, ortugintza ekologikotik bizitzeko bideak ikertu eta barazkiak merkaturatzeko. Proiektuak Durangaldea Haztegia du izena eta Urkiola Landa Garapena du bultzatzaile. Erronka argi bat dago guztiaren atzean: gazteria lehen sektorean lan egitera bultzatzea. Egitasmoan esku hartzen duten babesleak Foru Aldundia eta Durangaldeko Udalak dira. 

25 urte ditu Jon Berasaluze durangarrak. 23 Ander Zorrakin elorriarrak. Baserri kooperatibetan lan egindakoa da lehenengoa, basozaintzari eta landa-eremuari loturiko ikasketak dituena. Bigarrena, ere, antzeko. Ingurumen Zientzietako unibertsitate gradua amaitzen dabil eta ortugintza arloan egin ditu praktikak. Orain, ikasitakoak lan esparrura eramango dituzte ortugintza ekologikoan trebatu eta lan horretatik bizitzeko enpresa-proiektu bat garatuta.

Kontua azarotik dator. Ordu hartan, Urkiola Landa Garapenak, ortugintza bultzatzeko eta nekazaritza ekoizle berriak topatzeko programa bat ipini zuen martxan: Durangaldeko Haztegia. Inskripziorako epe bat zabaldu zuten, eta Durangaldeko bi gazte hauek izan dira proiektuaren onuradunak. Proiektuaren aurkezpena gaur bertan egin dute Berrizen, Durangaldea Haztegiak Eitua auzoan duen lur eremuan. Berasaluzek eta Zorrakinek bost negutegi, txabola bat eta beharrezko lan-tresna guztiak izango dituzte ortuan lan egin eta ekoitzirikoak merkaturatzeko. Horrez gainera, adituen aholkularitza, beharrezko lege-estaldura eta Gizarte Segurantzak izango dituzte.

Ordezkari politikoen (goian) eta proiektuaren onuradunak (behean) direnen familia-argazkia.

Ortugintzak daukan "praktikotasunak" eraman du Ander Zorrakin, proiektua hastera. "Lan honek daukan praktikotasunak eta lehen sektoreak behar duen bultzadak eraman ninduten proiektu honetan izena ematera. Kanpoko herrialdeetan ekoizten diren produktuen dependentzia handia daukagu. Horrek kalteak dakartza ingurumenean. Natura, ingurumena, asko maite ditut, eta proiektu honek aukera bat eskaintzen dit nire bizitza kalterik eragin barik aurrera ateratzeko", azaldu du eguerdi honetan. Jon Berasaluzek ere antzerako berbak ditu proiektua deskribatzeko: "Durangaldean eragozpen ugari dago lehen sektoretik bizitzeko. Proiektu honen berri izan nuenean, egundoko egitasmoa zela ikusi nuen. Horrelako gehiago behar ditugu lehenengo sektoreak aurrera egin dezan. Gazteriak belaunaldi-erreleboa ekarri behar du, eta proiektu honek horretan laguntzen duela iruditzen zait", azaldu du. Biek ala biek abendu partean ekin zioten lanari. Negutegi batzuk atontzen eta hainbat ortuari sartzen egon dira denbora honetan. Udaberrirako, dena "eder eta koloretsu" egotea gura dute.

Elkarlanari esker 

Durangaldea Haztegia proiektuaren atzean Urkiola Landa Garapenak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta eskualdeko Udalek parte hartzen dute. Landa Garapeneko presidente Orlan Isoirdek adierazi du "datorren hamarkadan nekazaritza ustiategien %40 galdu" daitezkeela. "Haztegia proiektuak errealitate horretatik ihes egiteko" bidean lagunduko duela azaldu du. EHNE sindikatuko Unzalu Salterain kideak ere erronka horri heldu dio. Bere berbetan, "gazteak baserrira gerturatzea da hamarkada honetako erronkarik handiena. Sektorearen argazkia oso iluna da. Proiektu hau argi izpi bat izan daiteke", adierazi du. Durangaldea Haztegia Bizkaiko beste hainbat herritara zabaltzeako gonbitea egin du Salterainek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!