#0km

Ortugintza ekologikotik bizi gura duten ekintzaileek lanerako aukera bat sortu ahalko dute Berrizen

Ekaitz Herrera 2022ko urr. 26a, 12:22

Nekazaritza ekoizle bat, Durangoko baserritarren merkatu plazan. ARTXIBOA

Urkiola Landa Garapenak ortugintza ekologikoa lantzeko arlo bat prestatu du Berrizen. Sektorean hasi gura duten Durangaldeko herritarrek zabalik dute hautagaitza aurkezteko epea. Onuradunak bi izango dira eta ortuariak ekoitzi eta merkaturatzeko aukera izango dute Gizarte Segurantzan altan emanda, gehienez, hiru urtez. 

Urkiola Landa Garapenak ortugintza bultzatzeko eta nekazaritza ekoizle berriak topatzeko programa bat ipini du martxan: Haztegia. Hori dela eta, lur arlo bat atondu dute Berrizen, ortugintzan hasi gura duten ekoizleek bertan garatu ditzaten euren enpresa-proiektuak. Lursailak nekazaritzarako beharrezkoak diren azpiegitura guztiak eskainiko ditu: berotegiak, makinak, erremintentzako txabola eta biltegia. Negutegiak, adibidez, atonduta daude eta urtea amaitu aurretik gehiago ipiniko dituzte. Horrez gainera, ekintzaileek nekazaritza ekologikoan aditua den pertsona baten aholkularitza zerbitzua eta formakuntza saioak izango dituzte. 

Ortugintza ekologikoan enpresa-proiektu bat garatu gura duten ekoizleek zabalik dute hautagaitza aurkezteko epea. Onuradunak bi izango dira eta sektoreko profesionalen aholkularitzapean egingo dute lan, etenbako formakuntza jasota. Lursailean berdurak ekoitzi eta horiek merkaturatu ahalko dituzte, transakzio ekonomikoak egiteko beharrezko lege-estalduragaz eta Gizarte Segurantza jasota. Enpresa-proiektua 3 urtez garatu ahalko dute arlo horretan, gehienez. 

Interesatuek Urkiola Landa Garapeneko kideekin ipini beharko dute hartu emanetan: 946203611 telefonoan zein landagarapena@landagarapena.eus 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!