Itziar Ituño eta Ramon Agirreren 'Hobe ixilik!' antzezlana ikusi ahalko da, besteak beste, Berrizko San Antonioetan

Aritz Maldonado 2023ko urt. 13a, 11:00
Itziar Ituño eta Ramon Agirre.

Gaur hasiko dituzte Berrizko San Antonio jaiak ofizialki; 19:00etan, kalejira hasiko dute Olakuetan Bentazaharreko Mutiko Alaiekin batera, eta ibilalditxoa egin ostean, 19:30ean, Donien Atxa altxatuko dute Olakueta plazan bertan.

Zapatuan, dantza eta antzerkia izango dira protagonistak. Goizean, Bi ipuin pailazoen ikuskizuna egongo da eta 18:00etan, Luhartz taldearen erromeria. 19:00etan, Itziar Ituño eta Ramon Agirre aktore ezagunek Hobe ixilik! antzezlana taularatuko dute Kultur Etxean. Salomé Lelouch egilearena da obra, eta bertan "gai potoloak" jorratuko dituzte, sinopsian dioten lez. "Gizona eta emakumea, solasean, zirika, eztabaidan. Zertaz? Berdin dio. Eguneroko kontuak, gazta-tarta, patinetea, almorranak… edo gai potoloak, aldaketa klimatikoa, politika, Me Too… Baina esan, dena esan behar al da? Isiltzea ez al da hobe batzuetan?". Gaur estreinatuko dute, Hondarribian (Gipuzkoa); Berrizkoa emango duten bigarren saioa izango da. Begoña Bilbaok egin ditu zuzendari lanak. 

Urtarrilaren 15ean, goizetik hasiko dute festa berriztarrek. 11:00etan, eskualdeko barazki eta fruitu erakusketa egongo da, probalekuan. Ordubete geroago, baserriko oilasko dastatzea egingo dute, toki berean.12:30ean, Iremiñe eta San Lorentzo dantza taldeek dantza ikuskizuna egingo dute, Olakueta plazan.

Astelehenean, nekazaritza-olinpiaden txanda izango da, 19:00etan hasita. Martitzenean, Peio Ramirezek kontzertua emango du. 

Kontzertuak gaztetxean
Bestalde, Hiltegixe gaztetxean kontzertu bat antolatu dute azken urtean izandako lapurretek eragindako kalteei aurre egiteko. Urtarrilaren 14an, Kuartz eta Dekot taldeek zuzeneko emanaldia egingo dute, 22:00etan; kontzertuaren ondoren, DJ Edozer-ek girotuko du festa. Sarrera hiru euro izango dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!