Berrizko ziklo-krosak adin guztietako 450 parte hartzaile batuko ditu domekan Berrizburu inguruan

Anboto 2022ko urr. 20a, 14:12

Enrique Zabala Berrizko Udaleko kirol zinegotzia, Roberto Gomez Berriz Bizikletari Elkarteko kidea eta Orlan Isoird Berrizko alkatea gaurko aurkezpenean.

Berriz Bizikletari Elkarteak 2011n berreskuratuta probak 12. aldia beteko du.

Berrizkoa Euskadiko Txirrindularitza Federazioaren egutegiaren barruko lehenengo proba izango da. Mailaz maila, 450 txirrindulari espero dituzte: 200 nagusietan eta 230 bat umeetan.

Aurten aldaketa bat dago 2,8 kilometroko zirkuituan, Iremiñe mendi inguruan egin diren lanek eraginda. Zuzenean beharrean, eskumako aldeko bidexka batetik igoko dira Iremiñera. Ondoren, normalean mendira igotzen bidetik, jaitsi egingo dira aurten.

Faboritoak

Emakumeetan, hutsune garrantzitsu bat egongo da. Iazko irabazleak, Paula Suarezek, ez du parte hartuko joan zen astean lesionatu egin zelako. Horrela, Olatz Odriozola izango da faborito nagusia. Iaz bigarren amaitu zuen Bicicleta.com taldeko txirrindulariak. Zaloa Trevilla —iaz hirugarren— eta Lukene Trujillano ere irabazteko borrokan egon daitezke.

Gizonetan, Aitor Hernandez irabazteko hautagaia da. Berrizko ziklo-krosa hainbat bider irabazi duen ermuarrak ezin izan zuen iazko lasterketa amaitu eroriko batengatik. Asier Arregik, berriz, iazko hirugarren postua hobetu nahiko du. 23 urtez azpikoan Egoitz Hoyas eta Diego Ruiz de Arcaute nabarmendu daitezke.

Gazte mailako pronostikoak irekiagoak dira. "Normalean oso lasterketa lehiatuak izaten dira", adierazi du Berriz Bizikletari Elkarteko Roberto Gomezek gaurko aurkezpenean.

Txiki Kopa

Kimu mailakoek eta haur-kategoriakoek Txiki Kopan parte hartuko dute. Txiki Kopa Bizkaiko Txirrindularitza Federazioak, tokian-tokiko klubekin, iaz martxan jarritako ekimena da. Umeen artean ziklo-kroserako zaletasuna sustatzea da helburu nagusia.

Hobekuntzak Iñaki Lejarreta zirkuituan

Berrizburuko BTT Iñaki Lejarreta zirkuituan hainbat hobekuntza egin dira azken aldian. “Zirkuituko tarte batzuk hobetu ditugu, seinaleztapen berria jarri da eta txirrindularitzaren munduarekin lotuta ere aipatzekoa da datozen hilabeteetan pumptrack delakoaren eraikuntza lanak hasiko direla”, adierazi du Orlan Isoird alkateak.

 

URRIAK 23 - ORDUTEGIA

  • 09:30 Master 30, 40, 50 eta 60 mailak.
  • 10:30 Kadete maila, nesketan eta mutiletan.
  • 11:15 Emakumeen Opena; gazteak, 23 urtez azpikoak eta elite mailakoak.
  • 11:20 Mutilen gazte maila.
  • 12:15 Kimu maila (Txiki Kopa).
  • 12:50 Haur-kategoria (Txiki Kopa).
  • 13:30 Gizonen Opena. 23 urtez azpikoak eta elite mailakoak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!