San Lorentzo dantza taldea

“Oso polita izan zen 90 urte inguru dituzten Arriaga, Urquijo eta Agirrebeitia kalejirara batzea”

Aritz Maldonado 2022ko urr. 21a, 09:30

Ismael Lasarte eta Karmelo Angiozar

70. urteurrena ospatzeko, San Lorentzo dantza taldeko kideek egun osoko egitaraua egin zuten abuztuan. Euskal Herriko hainbat dantza talde gonbidatu zuten egun berezirako. Horrez gainera, sorrerako taldean zebiltzan hiru lagunek ere parte hartu zuten kalejiran, urteotan egindako hartu-eman sendoaren erakusle lez.

Zelan joan zen urteurren ospakizuna?
Karmelo Angiozar: Eguna bera oso polita irten zen. Alejandrorenean batu ginen, eta gero kalejira bat egin genuen San Lorentzora bidean. Txistulariak ere gugaz etorri ziren. 
Ismael Lasarte: Guk lau talde batu genituen, baina dantzari zaharragoak ere batu ziren, dantzari jantzitan etorri ez arren; herriko jendea, lagunak eta ezagunak etorri ziren ermitaraino. Dantzan egin eta gero, oroigarri batzuk banatu genizkion aspalditik lanean dabilen jendeari. Aitortza bat izan zen, jendearen lana eta inplikazioa eskertzeko modu bat. 
K. A.: Alejandroren seme biak, Jon eta German, txistulariak dira oraindino; German Berrizko txistulari ofiziala da. Aktibo dauden beteranoenei ere eman genien oroigarria, baita Iñaki Arbururi ere. Horrez gainera, oso polita izan zen Jesus Arriaga, Javier Urquijo eta Segundo Agirrebeitia kalejirara batzea; San Lorentzoko lehenengo taldeko kideak dira, oraindino bizirik daudenak. Kalejiran parte hartu zuten, eta gero gugaz bazkaldu zuten. Hori 90 urtegaz. Ez dago batere txarto!
I. L.: 180 bat lagun batu ginen bazkarian, eta gero Aiko erromeria taldeagaz dantzan aritu ginen gauera arte. Oso eguraldi ona egin zuen eta giro polita egon zen. Makina bat lagun eta dantza talde gonbidatu genuen, baita auzoetako lagunak ere.

Urteurrena dela eta, egingo duzue beste ekitaldirik?
I. L.: Ez, gure helburua ez zen gehiagorik egitea. Korrikan kilometro bat hartzea erabaki genuen, jai bat egin genuen, eta dantza taldearen izena gehiago zabaldu dugu.
K. A.: Ez dugu behar gehiago egitea. Guk batzea eta San Lorentzo eguna elkarregaz pasatzea baino ez genuen buruan.

Taldea osasuntsu dago?
K. A.: Esango nuke Berriz nahiko zorionekoa dela. Gazteek betidanik ikusten dutenez dantza, eta jende heldua ikusten dutenez, eurak ere animatzen dira. Umeak ere badaude. Iurretagaz eta Garaigaz batera, Berriz da Dantzari Dantzari eusten dion bakarrenetarikoa eskualdean.
I. L.: Esango nuke arazo gehiago dagoela txistulari eta atabalariekin. Egon badago, baina ez dute konpromisorik gura. Adibidez, kontserbatorioko txistulari asko dago, baina gero ez dute plazarako jauzia egiten. Pandemiak ere ez du batere lagundu. Gu oso pozik gaude, betiko antzera gabiltzalako. Orain erreleboa egiten gabiltza, umetan hasitakoek jada adin bat dutelako, eta horiek ere jauzia eman behar dutelako. Lagundu egin behar zaie, eta plazara gehiago atera. 

Noiz arte jarraituko duzue dantzan?
K. A.: Hankak dabiltzan bitartean, nik ez dut erretiratzeko asmorik (barrez)! Guri dantzak asko eman digu: lagunak, giroa, jende asko ezagutu dugu, eta baita beste herrialde batzuk ere. Alejandro zenari beti esaten nion inork ere ez zeukala berearen moduko ofiziorik. Danbolinteroen ofizioa beti izan da alegera, beti ospakizunetan zeudelako. Jende berria ezagutzen duzu, normalean jaietan, eta jendea umore oneko egoten da horrelakoetan. Gure aldetik, lanean segituko dugu horrelakoek aurrera jarraitu dezaten. 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!