San Lorentzo dantza taldea

70 urtean Dantzari Dantzaren jagole

Anboto 2022ko urr. 21a, 09:30

1952ko uztailean, San Lorentzo egunerako hilabete eskasaren faltan, Alejandro Aldekoak dantza taldea osatzea erabaki zuen; auzoko gazte batzuk batu, eta hilabetez jo eta su entseguan aritu eta gero, San Lorentzo egunean dantza egin zuten. Aldekoa, taldearen arima, 90eko hamarkadan hil zen, baina dantza taldeko kideek haren lanagaz jarraitzen dute.

"Hilabete eskasean Dantzari Dantza osorik egiteko gai izan ziren mutil koskor haiek; hilabetean egurra eman behar izan zuten horretarako; goiz eta arrats arituko ziren dantzan", azaldu du Karmelo Angiozar taldeko beteranoenetariko batek. Berrizen bertan ez ezik, Aldekoaren jardunak Euskal Herrian izandako eragina azpimarratu du Ismael Lasarte dantzari beteranoak ere: "Domeketan, Argia dantza taldekoak Donostiatik etortzen ziren, trenez; egun osoa dantzan pasatu eta gero, trenez bueltatzen ziren berriro". 70 urteko ibilbidea ospatzeko, jai egun berezia antolatu zuten abuztuaren 7rako. Bertara gonbidatu zituzten, besteak beste, Argiako lagunak, baina baita Alejandrogaz ikasi zuten beste talde batzuetako kideak ere. Adibidez, Galdakaoko Andra Mari taldekoak. Alejandroren semeak ere taldeko kideak dira gaur egun, German eta Jon.  

Dantzari Dantza
San Lorentzoren ezaugarrietariko bat Dantzari Dantzaren alde egiten duen jarduna da. "Gazteagotan, guk ere pentsatu genuen interesgarria izan zitekeela beste dantza batzuk egitea; Alejandro zenak argi esan zigun genekiena ondo mantentzeko eta ondo egiteko. Hain argi esan zigun, horri eutsi diogula urteotan", azaldu du Angiozarrek. "Beste dantza batzuk ikasita, gura barik sartu daitezke ikutuak. Horregaitik, guk geureari eutsi diogu urteotan", gaineratu du.

Dantzari Dantzak, gainera, ateak itxi baino gehiago zabaldu egin dizkiela uste dute. Horrela, 2019an Ingalaterrara egin zuten bidaia gogoratu dute. "Berrizen ez ezik, Espainian eta Ingalaterran ere dantzatu izan dugu guk. Ingalaterrara joan ginenean, kuriositatez begiratzen ziguten. Izan ere, gurea eurena baino dantza exigenteagoa da fisikoki; dantza egin aurretik garagardo bat edateko ohitura zuten, eta harritu egiten ziren gu zaindu egiten ginela ikusita", dio Angiozarrek. "Beharbada ohituago egoteagaitik izango da, baina esango nuke hemen dantzak ez direla behar den beste baloratzen. Hemendik kanpora balio handia aitortzen zaie", nabarmendu du Lasartek.

Erreleboa lantzen
Urteek aurrera egin arren, Berrizko San Lorentzo dantza taldea osasuntsu dago, kide bien esanetan. Izan ere, umeek bertatik bertara ikusten dute txikitatik plaza dantzan. "Dantzan egiten duen jendea egon badago. Umeak ere badaude, gainera. Beharbada orain ez dute lehen bezain gazte uzten taldea", azaldu du Lasartek. Gaur egun 50 bat lagunek osatzen dute taldea. Ez dakite zenbat dantzari igaro diren taldetik urte hauetan, baina gutxienez ehun bat lagun izan direla azaldu dute. "50. urteurren ospakizunetarako zerrendak egiten aritu ginen, baina gatxa da, izan ere, beti ihes egiten dizu baten batek", gehitu du. Angiozarrek lau hamarkadatik gora daramatza taldean, eta Lasartek hogeita hamar urtetik gora. "Badira batzuk", diote barre artean. Orain urte batzuetatik, gazteak erreleborako prestatzen dabiltza. "Orain urte batzuk hasitako umeek adin bat dute jada, eta horiek plazarako jauzia eman behar dute, eta baita gehiagotan irten ere", esan dute. Dantza taldean bizi den giroak horretarako duen balioa ere nabarmendu dute. "Batzuon kasuan, etxetik dugu dantzarekiko zaletasuna, eta hori umeei transmititu diegu gero, baina badago kasuren bat gurasoak hasi direna dantzan euren umeek dantza egiten dutelako". Horrela, "giro ona eta familia giroa" azpimarratu dituzte 70 urteko ibilbideari eusteko gako lez, baita urte gehiagoz ekiteko ere. 

Sarrimendiko erreplika
1990ean Txistulariaren eskultura ipini zuten Sarrimendiko gailurrean, Alejandro Aldekoa txistulari berriztarra gogoratzeko eta eskola-kirola omentzeko; Josu Maortua zaldibartarrak egin zuen eskultura. Urtarrilean ostu egin zuten eskultura originala, eta maiatzean erreplika bat ipini zuten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!