Atzo Ibai Zabala omendu zuten Berrizen, San Antonio txapelketako finaletan

Anboto 2022ko urt. 15a, 17:07
Atzoko finaleko protagonistak Ibai Zabalarekin -goian eta eskuman- familia argazkian.

Dantzak eskaini zizkioten eta oroigarri bat eman zioten.

Atzo Berrizko Olakueta pilotalekuan jokatutako San Antonio Pilota Txapelketako finaletan protagonista berezi bat izan zen: Ibai Zabala. Iaz erretiroa hartu ostean, herritarrek omenaldi bat egin zioten. Lehenengo Oizpe pilota klubeko lau gaztek banakoa dantzatu zioten. Lau gazteak, pilotariak ez ezik, dantzariak ere badira Iremiñe eta San Lorentzo taldeetan. Ondoren, Oizpeko presidentea den Asier Berasaluzek oroigarri bat eman zion Zabalari. Ekimenean Zabalaren ibilbide luzea goraipatu zuten eta Berrizen izena Euskal Herrian lau haizetara zabaldu izana eskertu zioten.

Finalei dagokienez, emakumeetan eta palan Laskurain-Gomez bikotea izan zen irabazlea. Mutiletan hiru mailatan jokatu ziren finalak. Lehenengo mailan, Kastre-Otaduy bikoteak irabazi zuen; bigarren mailan, Milikua-Areiti bikoteak, eta hirugarren mailan, Zubero-Narbaiza bikoteak.

Oizpe taldeko gazte bat dantzan, Ibai Zabala eta finaleko pilotariak begira dituela.

Asier Berasaluze Ibai Zabalari oroigarri bat ematen.

Emakumeen pala txapelketako finalistak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!