Berrizko herriak Ibai Zabala pilotaria omenduko du San Antonio Pilota Txapelketako finaletan

Anboto 2022ko urt. 14a, 15:00

San Antonio XV. Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte gaur, Olakueta frontoian, 19:30ean hasita. Oizpe taldeak antolaturiko finala baliatuz, Berrizko herriak pilota utzi berri duen Ibai Zabala omenduko du.

 Pilotari berriztarrak Olakuetako frontoian ekin zion bideari, sei urtegaz, Berasaluze IV.a Pilota Eskolan. Ondoren, Felix eta Juanito Uribarrigaz Oizpen aritu zen. 2008an, Elorrion debutatu zuen profesional legez. 13 urtean mailarik gorenean jokatu eta gero, iaz utzi zuen pilota. Ibilbide hori aintzat hartuta, etxean omenaldia egingo diote Zabalari. "Zabalaren agurra Zornotzan izan zenez, herrian omenaldia antotatzea erabaki dugu", azaldu dute Oizpeko arduradunek. Gainera, txapelketa hau berezia da Berrizko pilotariek jokatzen dutelako.

 

Finaleko partiduak
Pilota Txapelketako finaletan, hirugarren mailan, Etxaniz II-Etxaniz III bikoteak Narbaiza eta Zuberoren aurka jokatuko du. Bigarren mailan, Milikuak eta Areitiok Besoitagoena eta Kanpo izango dituzte aurrez aurre. Eta lehenengo mailan, Mikel eta Alberdi bikotea Gerenabarrena eta Kastreren kontra lehiatuko da.

Omenaldiaz gainera, egitarau zabala prestatu dute Berrizko San Antonio jaietarako. Gaur bertan, Dana Moya musikariak eta Miren Agur Meabe idazleak Begiak zerumugan ikuskizuna eskainiko dute Berrizko Kultur Etxean, 19:00etan. 2020an kaleraturiko liburuko poemak errezitatuko ditu idazleak berak, Dana Moya musikaria lagun duela.

Zapatuan, Tomaxen abenturak pailazo emanaldia izango da. Adi, grabatzen, ekin ikuskizuna taularatuko dute, 12:00etan. Muxi pailazoari zinema asko gustatzen zaio. Oso aktore ona dela pentsatzen du, eta Tomax film bat egiteko konbentzituko du. Hari horri tiraka, hasteko, Erdi Aroko eszena bat izango da. Gero, abentura bat mendian. Eta, amaitzeko, Piraten istorioa. Hau dena umore, kantu, joko eta ikuslegoaren parte hartzeagaz. Arratsaldean, Oihan Vega DJ ezagunak musikaz alaituko du probalekua. Ondoren, tradizioari eutsiz, Donien Atxa altxatuko dute. Berrizen, Donien Atxa altxatu aurretik, ibilbide berezia egiteko ohitura dute hura lepoan hartuta.

Domekan, Eskualdeko XL. Barazki eta Fruitu Erakusketa egingo dute probalekuan. Ondoren, 13:00etan, Iremiñe eta San Lorentzo dantza taldeek emanaldia eskainiko dute Olakueta plazan. Arratsaldean, La Dramática Errante antzerki taldeak Altsasu antzezlana taularatuko du Berrizko Kultur Etxean. Musika eskaintzari dagokionez, Txomin Artola abeslariak kontzertua emango du astelehenean, 17:30ean, Kultur Etxean. Nekazaritza-olinpiadekin amaituko dituzte jaiak, astelehenean. Gehienez sei taldek eman dezakete izena. Talde bakoitzean bost lagunek parte hartuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!